(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Ikastolek murgiltze eredua indartzeko deia egin dute PISAren emaitzen aurrean

Euskal Herriko Ikastolek PISAren azken emaitzen irakurketa egin dute, eta nabarmendu dutenez, datuek ez dute erakusten euskara irakurmeneko emaitzen jaitsieraren erantzule denik.

PISAren azken emaitzek Hego Euskal Herrian erakutsitako beherakadaren aurrean, murgiltze ereduan sakontzeko beharra aldarrikatu dute Euskal Herriko Ikastolek. Emaitzak “arduraz eta tentuz” hartu dituztela azaldu dute, oraindik Ikastolen datu zehatzak jaso ez dituzten arren. Hala ere, txostenak ikasgeletan lehendik antzematen zituzten zenbait joera azaleratu dituela adierazi dute, eta hilabeteak daramatzatela horiei erantzuteko estrategiak lantzen.

Azken egunetan egin diren zenbait irakurketen atzean “euskalduntzen duen hezkuntza ezbaian jartzeko saiakera” dagoela adierazi dute. Ikastolek emandako OCDEren datuen arabera, 2022tik 2025era irakurmeneko emaitzek 41 puntu egin dute behera Hego Euskal Herrian azterketa euskaraz egin eta etxeko hizkuntza nagusia euskara duten ikasleen artean; jaitsiera bera izan da ama-hizkuntza gaztelania edo beste hizkuntza bat dutenen artean.

Horren aurrean, Ikastolek ondorioztatu dute “datuek garbi erakusten dutela murgiltze eredua ez dagoela lotuta emaitzen bilakaerarekin”. Horretarako, datuen bilakaera historikoa ere aipatu dute: EAEn D eredua %40tik %70era hedatu zen 2000tik 2012ra bitartean, eta, aldi berean, PISAko emaitzek hobera egin zuten.

“Herri gisa kohesionatzen gaituen murgiltze eredua ezin dugu zalantzan jarri; kontrara, berau indartzeko unea da”, adierazi dute. Hezkuntza formalaz gain, eremu ez-formalean eta informalean ere eragingo duen murgiltze eredu integralago baterantz egitea proposatu dute, eta hezkuntza komunitateari, herrigintzako eragileei eta erakunde publikoei dei egin diete horretan aurrera egiteko.

Ikastolek gogorarazi dute, halaber, ama-hizkuntzaren inguruko eztabaidan Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna kontuan hartu behar dela, eta 100 ama-hizkuntza baino gehiago daudela nabarmendu dute.

Euskal Herriko datu propioen beharra

PISAren emaitzek agerian utzitako beste gabezia bat ere jarri dute mahai gainean Ikastolek. Ipar Euskal Herriko datu bereizirik ez dagoenez, Euskal Herri osoko hezkuntza errealitatearen irakurketa egitea ezinezkoa dela adierazi dute.

Horregatik, “gure herriaren premia eta erronken neurrira egokitutako adierazle sistema propioen beharra” aldarrikatu dute. PISAk, haien esanetan, hezkuntza sistematik ez ezik, gizarte eta herri gisa erantzun beharreko erronkak ere azaleratu ditu.

Marko teknopedagogiko berria urrian

PISAren emaitzen irakurketarekin batera, digitalizazio estrategia birdefinitu dutela jakinarazi dute Euskal Herriko Ikastolek. Urrian aurkeztuko dute Ikastolen Marko Teknopedagogiko Berria, urteetako esperientziatik ateratako ondorioak eta egungo ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta.

Arlo akademikoko eragileen eta irakasleen parte-hartzearekin osatutako proposamenak konpetentzia digitalak ikasgeletan modu mailakatuan lantzea aurreikusten du. Ikaslearen ahalduntze digitala jarri nahi dute erdigunean, ikasleek gailu digitalak “noiz, zer, zergatik eta zertarako” erabili behar dituzten jakin dezaten.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna