Poesia eta musika uztartuko dituen errezital berezia eskainiko dute abenduaren 2an Bilboko Arriaga Antzokian. 2001ean argitaratutako poema liburuaren inguruan berriz elkartuko dira bi sortzaileak, hogeita bost urte geroago.
Kirmen Uribe eta Mikel Urdangarin elkarrekin ariko dira abenduaren 2an Bilboko Arriaga Antzokian, Bitartean heldu eskutik poema liburuaren argitalpenaren 25. urteurrena ospatzeko. Poesia eta musika uztartuko ditu emanaldiak eta 19:30ean hasiko da, antzokiko foyerrean.
Susa argitaletxeak 2001ean argitaratu zuen Bitartean heldu eskutik liburua. Uribe eta Urdangarin ideiak, abestiak eta proiektuak partekatzen ari ziren garaian sortu zen lana, eta, gerora, bertako hainbat poema musikatu dituzte euskal musikariek; horien artean, Urdangarinek berak.
25 urteko ibilbidea
Jon Kortazar literatura kritikariak “iraultza lasai” gisa definitu zuen bere garaian liburuaren argitalpena. Pertsona eta istorio zehatzak eraman zituen Uribek poemetara, besteak beste, migratzaileak, emakume langileak, mendekotasuna duten pertsonak, trans pertsonak eta arrantzaleak.
Liburuak Kritikaren Saria jaso zuen 2002an, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute ordutik, tartean gaztelaniara, frantsesera, ingelesera, katalanera eta errusierara. Ingelesezko edizioa, gainera, AEBetako argitaletxe komertzial batek kaleratutako euskal poesia liburu baten lehen itzulpena izan zen.
Liburuaren oihartzunak gaur arte jarraitu du. Maiatza / May poema, esaterako, The New Yorker aldizkariak bere mendeurrena dela-eta 2025ean argitaratutako antologian jaso zuen.
Bitartean heldu eskutik – 25 urte errezitalerako sarrerak bihar, urriak 2, 11:30ean, jarriko dituzte salgai. 18 euroko prezioa izango dute, dagozkien beherapenekin, eta Arriaga Antzokiko txarteldegietan zein haren webgunean eskuratu ahal izango dira.