Lorenzo Montatore, Teresa Valero, Juan Diaz Canales, Nuria Tamarit, Miguel Brieva eta Borja Gonzalez izango dira gonbidatuetako batzuk; Miguelanxo Pradok eta Laureano Dominguezek, berriz, aurtengo omenaldi-sariak jasoko dituzte.
Getxoko Komiki Azokaren 24. edizioak sortzaile, argitaletxe, liburu-denda eta komikizaleak bilduko ditu urriaren 16tik 18ra. Azokak bi gune nagusi izango ditu: Areetako Geltoki plazan kokatutako merkataritza-gunea eta Romo Kultur Etxea. Bietarako sarrera doakoa izango da.
Geltoki plazako gunean liburu-dendak, argitaletxeak eta merchandising-dendak bilduko dira. Komikiaren eta nobela grafikoaren azken nobedadeak ez ezik, bildumak osatzeko eta bildumazaleentzako aleak eta bestelako produktuak eskuratzeko aukera izango da bertan.
Itzubaltzetako Kultur Etxean, berriz, hitzaldiak, egileekin eta sektoreko profesionalekin topaketak, liburu aurkezpenak, sinadura-txandak eta haur zein helduentzako tailerrak egingo dituzte. Profesionalentzako masterclass bat ere izango da, argitalpen-proiektu bat nola aurkeztu eta garatu lantzeko.
Aurtengo gonbidatuen artean izango dira Lorenzo Montatore, Teresa Valero, Juan Diaz Canales, Nuria Tamarit, Miguel Brieva, Borja Gonzalez, Clara eta Olivia Cabez, Laurielle eta Teresa Ferreiro, besteak beste. Miguelanxo Prado egilea eta Laureano Dominguez editore eta dibulgatzailea ere Getxon izango dira, eta biek omenaldi-saria jasoko dute komikiaren munduan egindako ibilbideagatik.
Adimen artifizial sortzaileak sorkuntza artistikoan duen eragina ere izango dute hizpide. Kultur Etxeko erakusketa-aretoak La IA deshumaniza: ¿a quién beneficia? erakusketa hartuko du urriaren 30era arte. Komiki Egileen Kolektiboak komisariatu du, eta adimen artifizial sortzailearen problematikari buruzko ikuspegi kolektiboa proposatzen du, giza sormenaren eta talentuaren balioa aldarrikatuz.