RTZ Kolektiboa. Suns Europe, (argazkia: Luca Chiandoni)

RTZ Kolektiboak Suns Europe jaialdiko nazioarteko epaimahaiaren saria irabazi du

Europako hizkuntza gutxituetako musikariak bildu dituen jaialdiaren 12. edizioan nagusitu da rap talde baionarra. Epaimahaiak bere energia, adierazpen indarra eta gizarte gaiak musikaren bidez lantzeko gaitasuna nabarmendu ditu.

RTZ Kolektiboak Suns Europe 2026 jaialdiko nazioarteko epaimahaiaren saria irabazi du. Europako hizkuntza gutxituetako artistak bildu dituen lehiaketaren finala larunbat gauean egin zen Udineko (Italia) Teatro Nuovo Giovanni da Udine antzokian. Zazpi hizkuntza komunitatetako artistak aritu ziren bertan.

Baionako Zizpa gaztetxearen inguruan sortutako rap taldea da RTZ Kolektiboa. Oph, Frel eta Petri artistek osatzen dute, DJ Wall ekoizlearekin batera. Urtebeteko etenaren ondoren, Eden diskoarekin itzuli da taldea. Hamasei abestiz osatutako lanak paradisuaren eta infernuaren arteko dualtasuna du ardatz, rapa beste musika genero batzuetako eraginekin uztartzen ditu.

Paolo Cantarutti Radio Onde Furlaneko esataria buru izan duen nazioarteko epaimahaiak taldearen energia, adierazpen indarra eta oholtza gaineko presentzia nabarmendu ditu. Era berean, musikaren bidez gizarte gaiak jorratzeko duen gaitasuna azpimarratu du.

Publikoaren saria, berriz, Kataluniako Ölivias taldeak eskuratu du, eta hizkuntza gutxituen alde egindako lana aitortzen duen Altre Europe saria Premio Ostana egitasmoari eman diote.

Musika, zinema eta literatura

Suns Europe jaialdia 2009an sortu zen Friulin, Europako hizkuntza gutxituetako sorkuntza garaikidea ezagutarazteko eta hizkuntza komunitateen arteko harremanak sustatzeko asmoz. Musikaz gain, zinema eta literatura ere hartzen ditu bere egitarauan. Aurtengo edizioa urriaren 2tik 10era egin da, Udinen eta Friuliko beste hainbat herritan.

Musika lehiaketaren finalean zazpi artista eta talde aritu dira: RTZ Kolektiboa, Momi, Pokriva Nočiva, Zeltia Irevire, Andrea Andrillo, Ölivias eta Gwen. Euskara, friuliera, esloveniera, galegoa, sardiniera, katalana eta galesera izan dira ordezkatutako hizkuntzak. Abestien letrak friulierara itzulita eskaini dizkiete ikusleei, artisten mezuak ulertzea eta hizkuntza komunitateen arteko hurbilketa errazteko.

RTZ Kolektiboaz gain, Bilboko Adur rave-punk bikoteak ere parte hartu du jaialdian, urriaren 3an eskainitako emanaldiarekin.

Etxepare Euskal Institutuak hainbat urte daramatza Suns Europe jaialdiarekin elkarlanean, euskarazko musikaren nazioarteko presentzia sustatzeko. Aurreko edizioetan ere izan dira euskal artistak; besteak beste, Verde Prato, MICE, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ødei eta Olatz Salvador.

Zabaldu:

Utzi erantzuna