Urriaren 14ko Argazki-liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, urritik abendura bitarteko jarduerak antolatu ditu Donostiako museoak. Nagore Legarretaren tailerrak eta Palmira Sabateren argazki-liburu instalazioa ere izango dira programan.
Donostiako San Telmo Museoak argazki-liburuari eskainitako urritik abendura bitarteko programazioa aurkeztu du, urriaren 14an ospatzen den Argazki-liburuaren Nazioarteko Egunaren harira. Matthew Genitempo argazkilari estatubatuarraren bisita, Nagore Legarretak gidatutako sormen tailerrak eta Palmira Sabateren argazki-liburu instalazioa izango dira datozen hilabeteetako proposamen nagusiak.
Lehenengo jarduera urriaren 17an izango da. Nagore Legarretak Zianotipia, Anna Atkins oroituz tailerra eskainiko du, 14 urtetik gorako gazteei zuzenduta. Parte-hartzaileek zianotipiaren teknika ezagutuko dute, Anna Atkins argazkigintzaren aitzindariaren lana abiapuntu hartuta. Atkinsek 1843ko urriaren 14an argitaratu zuen Photographs of British Algae: Cyanotype Impressions, argazki-liburuaren lehen aurrekarietako bat. Tailerra euskaraz izango da, 11:00etatik 13:00etara, eta doakoa izango da, aurrez izena emanda.
Matthew Genitempo, argazkiaren eta liburuaren arteko harremanez
Urriaren 28an, Matthew Genitempok Linger bere azken lanari buruzko solasaldia eskainiko du, 19:00etan. Argazkigintza ulertzeko duen modua azalduko du, bereziki argazki-liburuek ikusizko kontakizunak eraikitzeko eskaintzen dituzten aukeretan arreta jarrita. Saioa ingelesez izango da, euskarazko eta gaztelaniazko itzulpenarekin, eta zuzenean zein streaming bidez jarraitu ahal izango da. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Bezperan, urriaren 27an, argazki-proiektuak garatzen ari diren pertsonen portfolioak berrikusteko banakako saioak egingo ditu. Saio horietarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Genitempok argazkilaritza eta edizio-lana uztartzen ditu. 2017an Trespasser Books argitaletxe independentea sortu zuen Bryan Schutmaat eta Cody Haltomekin batera. Orain arte argitaratutako hiru argazki-liburuak, Jasper (2018), Mother of dogs (2022) eta Dogbreath (2024), San Telmoko STM-GCBC bilduman daude eta museoko liburutegian kontsulta daitezke.
Argazkilariaren bisita Basque Dok Festival jaialdiarekin elkarlanean antolatu dute. Jaialdiaren seigarren edizioa urriaren 27tik azaroaren 2ra egingo da Bilbon.
Argazkigintzarekin esperimentatzeko aukera
Azaroaren 14an, Nagore Legarretak helduentzako beste tailer bat eskainiko du: Argazki kamera sortu pospolo kutxa batekin. Parte-hartzaileek kamera estenopeiko bat eraikiko dute, 35 milimetroko pelikula erabiliz argazkiak ateratzeko. Irudiak eskaneatzeko eta lantzeko modua ere azalduko du artistak. Tailerra euskaraz eta doan izango da, aurrez izena emanda, eta parte-hartzaileek 35 milimetroko bi karrete eraman beharko dituzte.
Bestalde, azaroaren 24tik abenduaren 18ra, Irudia habitatzea. Erresistentzia-egunkariak instalazioa hartuko du museoko liburutegiak. Palmira Sabatek komisariatu du proiektua, Elias Querejeta Zine Eskolako Komisariotza ikasketen barruan.
Instalazioak Libanon, Egipton eta Palestinan erresistentzia politikoko testuinguruetan egindako argazki-liburuak biltzen ditu. Argazki- eta film-egunkarien bidez, gatazkei buruzko begirada intimoak aurkezten dituzte lanek, ohiko kontakizun mediatikoetatik kanpo.
Instalazioarekin lotuta, azaroaren 28an Rania Stephanen Liban/guerre (2006) eta Laura Menassaren A drone story (2024) proiektatuko dituzte, Margaux Chalançonen eta Palmira Sabateren arteko elkarrizketarekin batera. Abenduaren 12an, berriz, Sabatek eta Ekhiñe Urra Unanuak bisita gidatua eskainiko dute. Horrez gain, Sabatek proiektua aurkeztuko du abenduaren 9an, Tabakalerako Elias Querejeta Zine Eskolan.
3.500 argazki-liburu baino gehiagoko bilduma
Jarduera horiekin batera, Argazki-liburu Laborategiak ohiko saioekin jarraituko du urriaren 24an, azaroaren 14an eta 28an, eta abenduaren 12an, 10:00etatik 13:30era. Parte-hartzaileek maketak, fanzineak eta bestelako argitalpenak sortzeko aukera izango dute, museoak eskura jarritako materialak eta inprimagailuak erabiliz.
Programazioa STM-GCBC argazki-liburu bildumaren inguruan antolatu du San Telmok. Bildumak 3.500 ale baino gehiago ditu, eta doan kontsulta daitezke museoko liburutegian.