EH Sukarrak etapa sortzaile berri bati ekin dio ‘Uholdea’ singlearekin

Eibarko taldeak belaunaldien arteko memoria eta transmisioa landu ditu abesti berrian, uraren eta uholdearen irudi sinbolikoak abiapuntu hartuta. Asier Serranok idatzi ditu hitzak, Mikel Gorosabelek sortu du musika eta Eñaut Gaztañaga arduratu da ekoizpenaz.

EH Sukarra taldeak Uholdea kanta berria argitaratu du plataforma digitaletan. Eibarko rock taldeak etapa sortzaile berri bati ekin dio abestiarekin, eta memoria, belaunaldien arteko transmisioa eta berritzeko aukera jarri ditu kantuaren erdigunean.

Uraren eta uholdearen irudiak erabiltzen ditu abestiak ideia horiek adierazteko. Gauerdia eta euria dira kontakizunaren abiapuntuak: iraganeko mamuak agertzen diren unea eta etorkizuneko ilusioei lekua egiteko aukera. Uholdeak suntsitzeko zein zerbait berria sortzeko duen gaitasunarekin lotu du taldeak abestiaren esanahia.

“Memoria eskutik eskura eskainiz. Konta eta kanta dezagun. Negarrak garbitu ditzala gure arimak, barne uholde iraultzaile bat sortuz”, adierazi du EH Sukarrak kantuaren inguruan.

Musikari dagokionez, taldeak rockaren indarra, emozioa eta melodia uztartu ditu single berrian. Asier Serranok idatzi ditu hitzak, Mikel Gorosabelek konposatu du musika, eta Eñaut Gaztañaga arduratu da ekoizpenaz eta grabaketaz.

Abestiak soka-instrumentuen ekarpena ere badu. Irene Mena Garcia de Salazarrek eta Klara Mena Barriok jo dituzte biolinak; Enara Lores Garaizarrek, biola; eta Alba Zuriñe Melendo Torresek, biolontxeloa. Soka-moldaketak Irene Mena Garcia de Salazarrek egin ditu. Koruetan, berriz, Kiara, Telmo eta Lena Gorosabel Laffitte aritu dira, Alba, Enara, Klara eta Irenerekin batera.

Singlearen irudi grafikoa Ekain Strummer Rotxapeako marrazkilariak sortu du. Taldeak harekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du etapa berriko material bisualetan. Uholdea abestiaren bideoklipa, berriz, Bideografik Ekoizpenak-ek egin du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna