Ikastolen Elkartearekin elkarlanean prestatutako proposamena 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Hamar jarduera biltzen ditu, azokaren aurretik, bertan eta ondoren egiteko, eta Euskal Herriko hezkuntza-komunitatearen eskura jarri dute.
Durangoko Azokak eta Ikastolen Elkarteak euskal kultura ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoa prestatu dute. Durangoko Azoka abiapuntu hartuta, 12 eta 17 urte bitarteko ikasleei euskal kulturan murgiltzeko ibilbidea eskaintzen die proposamenak, jolasaren eta hausnarketaren bidez. Zenbait jarduera Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleekin ere landu ahal izango dira, taldearen ezaugarrietara eta aurretiazko ezagutzetara egokituta.
Unitate didaktikoak hamar jarduera biltzen ditu, hiru fasetan banatuta: azokaren aurretik, Durangoko Azokan bertan edo ikastetxean, eta azokaren ondoren. Ibilbidea malgua da, eta ez da beharrezkoa jarduera guztiak egitea. Irakasleek eta ikasleek euren testuinguruaren eta interesen arabera aukeratu ahal izango dituzte landu nahi dituzten proposamenak.
Azokaren aurretik, bertan eta ondoren lantzeko jarduerak
Lehen faseak, Girotzen eta berotzen izenekoak, Durangoko Azoka hasi aurreko prestaketa du ardatz. Ikasleen aurretiazko ezagutzak eta motibazioa piztea du helburu, azokaren inguruko informazioa landuz. Besteak beste, ikasleen kultur zaletasunak aztertzea, Durangoko Azoka ezagutzea eta euskal kulturan erreferente diren sortzaileak ikertzea proposatzen du.
Bigarren fasea, Plazara!, azokara bertaratuta edo ikastetxean bertan azokako giroa birsortuta egin ahal izango da. Hiru jarduera jasotzen ditu: Durangoko Azokaren Kultur Alfabetoa (DAKA), testuen eta sormen-lanen inguruko jolas literarioak eta kultur ekoizpenen arteko loturak aurkitzea.
Fase horretan bi erronka ere proposatzen dira. PortaDA! izenekoan, disko eta liburu azalekin argazkiak sortuko dituzte ikasleek; bestean, berriz, mikro-kontakizunak idatziko dituzte.
Hirugarren faseak, Mamiari tiraka izenekoak, azokaren ondoren emango dio jarraipena lanketari. Bi jarduera proposatzen ditu, bizitakoaren inguruko sorkuntza eta hausnarketa partekatua sustatzeko. Horien artean daude ikastetxean euskal kulturaren erreferente aktibo bihurtzeko eta ikasleen zein irakasleen arteko hausnarketa kritikoa lantzeko proposamenak.
Euskal kulturaren ezagutza eta atxikimendua sustatzeko
Unitate didaktikoaren helburua euskararen eta euskal kulturaren arteko lotura kontzientea lantzea da, ikasleen artean kulturaren ezagutza eta sentsibilizazioa sustatuz. Horretarako, jolasak, talde-lanak eta hausnarketak erabiltzea proposatzen du.
Lanketa ez da Euskara eta Literatura arlora mugatzen. Aitzitik, curriculuma osatzen duten hainbat jakintza-arlotan erabiltzeko prestatutako proposamena da.
Jardueren bidez, Durangoko Azokan parte hartzen duten kultur eragileak eta haien lanak ezagutzeko aukera izango dute ikasleek. Horrez gain, euren herrian edo inguruan euskal kulturgintzan diharduten sortzaile eta taldeak ezagutzea ere proposatzen du unitateak.
Azoka abiapuntu hartuta, ikasleek kulturaren inguruan hausnartzea eta eurek kulturari egin diezaioketen ekarpena proposatzea bilatzen du egitasmoak.
Durangoko Azokak eta Ikastolen Elkarteak Euskal Herriko hezkuntza-komunitatearen eskura jarri dute unitate didaktikoa, ikastetxe bakoitzak bere behar eta interesen arabera egokitu ahal izan dezan.