Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatutako jaialdiaren hirugarren edizioak musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza eta bestelako kultur proposamenak eskainiko ditu hiriko hamar gunetan. Nogen, Olatz Salvador, Alaia Martin, Maddi Oihenart eta Kresala Dantza Taldea izango dira parte-hartzaileen artean.
Iruñaldiaren hirugarren edizioa azaroaren 5etik 14ra egingo dute Iruñean, Euskarak edertzen du Iruñea lelopean. Iruñeko Udalak eta Loraldiak antolatutako jaialdiak euskarazko kultura garaikidearen hamaika hitzordu bilduko ditu, hiriko hainbat gunetan. Musika, dantza, antzerkia, literatura, bertsolaritza, umore bakarrizketa, gastronomia, erakusketa eta ikus-entzunezko sorkuntza izango dira egitarauaren parte.
Jaialdiak euskarazko kultur sorkuntzaren aniztasuna, kalitatea eta gaurkotasuna herritarrengana hurbiltzea du helburu. Euskaldunei eta euskaltzaleei ez ezik, euskara guztiz menderatu gabe euskal kulturaren proposamenak ezagutu nahi dituztenei ere zuzenduta dago. Horretarako, hitzik gabeko antzerkia, musika, dantza eta diziplina desberdinak uztartzen dituzten emanaldiak ere jasotzen ditu programazioak.
Literatura eta ikus-entzunezko sorkuntza, lehen egunean
Azaroaren 5ean hasiko da Iruñaldia, bi hitzordurekin. Euskalerria Irratian, 19:00etan, DJ festa, musika eta irudia jauzika saioa egingo dute Iker Oizek, Martintxo Etxauri Txok, Ana Ventana Arsenykek eta Adriana Urmenetak. Bideo DJaren eta bideo mappingaren inguruko solasaldiak eta zuzeneko erakustaldiak izango dira. Sarrera doakoa izango da.
Egun berean, 20:00etan, Irati Jimenezek Gau-pasa Kluba aurkeztuko du Katakraken. Idazlearen azken lanaren sormen prozesutik abiatuta, literatura eta ikus-entzunezkoak uztartuko ditu proposamenak. Saioa doakoa izango da.
Azaroaren 6an, Ane Lindaneren umore bakarrizketa eta dastaketa esperientzia izango dira Geltokin, 20:30ean. Umorea, kritika soziala, feminismoa eta gastronomia uztartuko dituen saiorako sarrerak 25 euro balioko du.
Hurrengo egunean, azaroaren 7an, Marie de Jongh konpainiak Amour antzezlana eskainiko du Pompelo Civivoxen, 19:00etan. Hitzik gabeko eta maskaradun antzerki familiarra da, maitasuna, aurreiritziak eta ezberdinari lekua egitea lantzen dituena.
Azaroaren 8an, berriz, Galbahe taldeak Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko emanaldia aurkeztuko du Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Gotzon Barandiaranen Galbahea liburuko poemak musikatzeko sortutako proiektuan Barandiaranek berak, Lander Bilbaok, Marina Blancok, Rafa Ruedak, Urdin Baraiazarrak eta Uxue Garciak hartuko dute parte.
Musika, bertsolaritza eta euskarazko musikaren erakusketa
Azaroaren 10ean, Olatz Salvador eta Alaia Martin elkartuko dira Laban, 1:1 Eskala emanaldian. Musikaren eta bertsolaritzaren bidez, errua, gorputzetan pilatzen den kulpa eta emakumeen bizitzetan errepikatzen diren mandatu sozialak landuko dituzte. Saioa 19:30ean hasiko da.
Azaroaren 11n, Musika Bulegoaren hamargarren urteurreneko erakusketa ibiltaria inauguratuko dute Kondestablen. Kanthoria eta auto-tunea. Euskaraz egindako musikaren ibilbidea izeneko erakusketak euskarazko musikaren jatorriak, bilakaera eta gaur egungo aniztasuna izango ditu aztergai. Irekiera ekitaldian Xabier Erkiziak, Verde Pratok, Julen Goldarazenak eta Zaldiko Maldikoko Kantu Tailerrak parte hartuko dute. Bisita gidatuak eta musika izango dira 19:00etatik aurrera, doan.
Azaroaren 12an, Maddi Etxeberriak eta Txomin Hegik Amaitasunaren lorratzak eskainiko dute Karrikirin, 19:30ean. Txomin Hegiren poesia eta Maddi Etxeberriaren musika uztartuko ditu emanaldiak.
Hurrengo egunean, azaroaren 13an, Nogen talde donostiarrak hamar urteko ibilbidea ospatuko du Gayarre Antzokian. Kontzertua 20:00etan izango da.
Kresala Dantza Taldea eta Maddi Oihenart, azken egunean
Azaroaren 14an amaituko da jaialdia, bi emanaldirekin. Eguerdian, 12:30ean, Kresala Dantza Taldeak Aztarnak. Mihise gaineko dantza aurkeztuko du Udal Plazan. Dantza eta arte plastikoak uztartzen dituen kale ekintza izango da, memoria kolektiboa mihise baten gainean irudikatzeko. Emanaldia doakoa izango da.
Arratsaldean, 19:30ean, Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok Lur kontzertua eskainiko dute Pompelo Civivoxen. Musikariak tradizioa eta garaikidetasuna uztartzen dituen musika proiektuan elkartuko dira berriro.
Egitarau osoa eta sarrerak eskuratzeko informazioa Iruñaldiaren webgunean daude eskuragarri.