Iruñeko Udalak 2026ko Iruña Gaztea Kultura Bonuaren bigarren sorta jarriko du eskuragarri. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako bonuek 4 eta 10 euro arteko deskontuak eskainiko dituzte liburu-dendetan, zinema-aretoetan eta antzokietan.
Iruñeko Udalak 1.300 deskontu-bonu banatuko ditu 2026ko Iruña Gaztea Kultura Bonuaren bigarren sortan, gazteek kultur eskaintzaz prezio merkeagoan gozatzeko aukera izan dezaten. Bonuak doakoak izango dira, eta hasiera batean Iruñean erroldatuta dauden 14 eta 30 urte bitarteko gazteek eskuratu ahal izango dituzte. Urriaren 27tik aurrera, bonuak soberan geratzen badira, hirian erroldatuta ez dauden gazteek ere eskatu ahal izango dituzte.
Bonuen zatirik handiena liburuak erostera bideratuko dute: 7 euroko deskontua duten 700 bonu banatuko dituzte Arcos, Chundarata, Elkar Comedias, Elkar Leire, Karrikiri, Katakrak, Kokea, Muga, Nerea, Troa eta Txalaparta liburu-dendetan erabiltzeko. Deskontuak ezingo dira eskola-materiala edo testuliburuak erosteko baliatu.
Zinemarako 500 bonu izango dira, bakoitza 4 euroko deskontuarekin, Golem Baiona eta Golem Yamaguchi zinema-aretoetan erabiltzeko. Antzerkiari dagokionez, Gayarre antzokirako 10 euroko deskontua duten 60 bonu eskainiko dituzte, eta Nafarroako Antzerki Eskolarako 6 euroko deskontua duten beste 40.
Pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu eskuratu ahal izango ditu, kategoria berekoak edo desberdinetakoak. Deskontuak ezin izango dira elkarren artean metatu, ezta beste eskaintza edo sustapen batzuekin bateratu ere, Gayarre Gazteak programako salbuespenarekin.
Bonuak Gaztediaren Etxean eskuratu beharko dira
Bonuak doan banatuko dituzte Gaztediaren Etxean, Zangoza kaleko 30. zenbakian, NANa aurkeztuta. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.
Bonuak eskuratzeko eta erabiltzeko epea abenduaren 31ra arte egongo da zabalik, eta zinemarako bonuak abenduaren 15era arte eskuratu ahal izango dira, betiere lehenago agortzen ez badira.
Informazio gehiago nahi duenak Gaztediaren Etxeko 948 233 512 telefonora dei dezake.