Joanes Echevestek familia osoari zuzendutako antzerki musikal berria aurkeztuko du, umorea, maitasuna eta belaunaldien arteko transmisioa ardatz hartuta. Sarako Lurberri gelan bi emanaldi eskainiko ditu estreinaldi egunean, 11:00etan eta 17:00etan, eta ondoren Euskal Herriko beste hainbat herritara eramango du ikuskizuna.
Pontx pailazoak, Joanes Echevestek, Amatxi ikuskizuna estreinatuko du azaroaren 7an, Sarako Lurberri gelan. Familia antzerki musikalaren bidez, bilobaren eta amonaren arteko harremana izango du hizpide, umorea, musika eta dantza uztartuz.
Istorioan, Pontxek bere amatxi bisitatuko du harekin eguna pasatzeko. Amatxi zahartzen ari da eta osasunez makal dabilenez, pailazoak etxeko lanetan lagundu eta zaindu egingo du. Bien arteko konplizitateak hainbat egoera barregarri sortuko ditu; besteak beste, medikua bisitan datorrenean, Pontx amonaz mozorrotuko da hari harrera egiteko.
Belaunaldien arteko transmisioa
Amatxik sendabelarren inguruko ezagutzak partekatuko ditu Pontxekin, baina teknologia berriek ere izango dute lekua istorioan. Telelagun saltzailea agertuko da etxean, adinekoen egunerokoa errazteko gailu modernoak eskaintzera.
Pontxek begi onez hartuko ditu tresna berriak; amatxik, aldiz, lehengo tresnen eta bizipenen balioa aldarrikatuko du. Bi ikuspegi horien arteko elkarrizketaren bidez, belaunaldien arteko transmisioa, zaintza eta zahartzaroa landuko ditu ikuskizunak.
Echevesterekin batera, Mikele Arizkorretak antzeztuko du Amatxiren rola, eta Kimetz Etxabek Martin Botikin eta Telelagun pertsonaiak gorpuztuko ditu. Iñaki Mujikak sortu du musika, Miren Mujikak jantziak prestatu ditu eta Horkonpontx Elkartea arduratu da gidoiaz eta zuzendaritzaz.
Azaroaren 7an bi saio izango dira Sarako Lurberri gelan, 11:00etan eta 17:00etan. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude HelloAsso plataforman.
Estreinaldiaren ondoren, Amatxik beste hainbat herritara bidaiatuko du. Azaroaren 8an Donostiako Larratxo Kultur Etxean izango da, 18:00etan; abenduaren 6an Lekorneko herriko gelan, 16:00etan; abenduaren 19an Hendaiako Gaztelu aretoan, 11:00etan; eta abenduaren 20an Azkainen, 11:00etan.