LP berrian iraganaren eta orainaren arteko desberdintasunak eta ondarearen transmisioa landu ditu taldeak. Jon Badiolak ekoitzi du diskoa, eta Izaskun Muruagaren eta Bermeoko Abesbatzaren kolaborazioak izan ditu.
Etxekalte taldeak Ez Hil Inoiz disko berria kaleratu du, sortu zenetik hamar urte bete diren honetan. Lan berrian, ohiko metaforak alde batera utzi eta kanpora begiratzea erabaki du taldeak, atzokoaren eta gaurkoaren arteko desberdintasunei erreparatzeko. Ondarearen garrantzia eta iraganetik etorkizunera transmititzen dena dira diskoaren ardatz nagusietako batzuk.
Hamar urteko ibilbideak ere badu lekua lan berrian. Taldeak azaldu duenez, hasieratik bizitako esperientziek arrastoa utzi dute euren musika estiloan, eta Ez Hil Inoiz izenburuak irauteko nahiarekin du zerikusia, bidean sortzen diren gorabeherei aurre eginez.
Musikari dagokionez, Etxekaltek konposaketaren energia mantendu du, erritmo lasaiagoekin ere tartekatuz. Kantu bakoitzak eskatzen duen intentsitatea bilatu du taldeak, bere ohiko izaerari uko egin gabe.
Oraingoan, Jon Badiola arduratu da diskoaren ekoizpenaz. Taldearen zintzotasuna eta ukitu klasikoak sintetizadoreekin eta soinu modernoekin uztartu ditu ekoizpenean.
Herriko musikariekin elkarlanean
Diskoan bi kolaborazio nabarmendu ditu Etxekaltek, biak herriko musikariekin egindakoak. Izaskun Muruagak Lotura abestian parte hartu du, eta Bermeoko Abesbatzak Almikeko Ama kantuan.
Azken abesti hori Almike auzoko elizan grabatu du taldeak, eta herri-kantu bat da, formatu digitalean aurkitzerik ez dagoena. Horrela, ondarearen transmisioari buruzko gogoetak lotura zuzena du lan berrian jasotako musikarekin ere: hala, iraganetik hartutako kantu bat egungo disko batera ekarri du Etxekaltek.