Gatiburen agurraren ondoren, Alex Sarduik bere lehen rock taldeari helduko dio berriro, jatorrizko kideetako batekin eta Gatibu zein Ken Zazpi taldeetan aritutako musikariekin batera. Itzulerako kontzertua 2027ko apirilaren 17an izango da, Bilboko Bilbao Arenan. Taldeak Amaiur abestiaren bertsio berria ere grabatu du.
Hiru hamarkadako etenaldiaren ondoren, Exkixu berriro igoko da oholtzara. 1990eko hamarkadan euskal rockaren eszenan bere lekua egin zuen taldeak etapa berri bati ekingo dio, Alex Sardui abeslaria buru duela. Gatiburen ibilbidea amaituta, Sarduik bere lehen rock taldea berreskuratuko du, jatorrizko taldekideetako batekin eta euskal musikaren eszenan ibilbide luzea egin duten beste hainbat musikarirekin batera.
Itzulerako lehen hitzordua 2027ko apirilaren 17an izango da, Bilboko Miribillako Bilbao Arenan, taldea desegin zenetik 30 urte beteko direnean. Exkixuk gaur iragarri duenez, kontzertu hori etapa berriaren abiapuntua izango da. Hortaz, ez dute emanaldi bakarrera mugatzeko asmorik agertu, nahiz eta oraingoz beste kontzerturik ez duten iragarri.
Jatorrizko bi kide eta Gatibu zein Ken Zazpiko musikariak
Alex Sarduirekin batera, Iñigo Ibarretxe albokaria izango da Exkixuren etapa berri honetan, 1992an taldea sortu zuten bost musikarietako bat. Gainerako kideek Gatibu eta Ken Zazpi taldeetan egin dute beren ibilbidearen parte bat: Ekain Alzola arituko da baxuan, Beñat Serna gitarran eta Jon Fresko baterian. Jon Eguskizak, berriz, trikitixa joko du.
Etapa berri honetan, Exkixuk bere hastapenetako musika-izaerari eutsiko dio, rocka eta euskal musika tradizionala uztartuz. Albokak eta trikitixak presentzia izango dute berriro taldearen soinuan.
Itzulerarekin batera, Amaiur abestiaren bertsio berria ere grabatu du taldeak. 1995eko Gaua heldu orduko diskoko kantua berreskuratuta, iraganeko errepertorioarekin lotu dute proiektuaren etapa berria.
Bost urtean 300 kontzertu baino gehiago
Exkixuren historia 1992an hasi zen, Gernika-Lumon. Alex Sardui, Jon Mikel Arronategi, Jon Artetxe, Jose Miguel Guisan eta Iñigo Ibarretxek osatu zuten lehen taldea. Bost abestiko maketa batekin eman zituzten lehen urratsak, eta laster hasi ziren Euskal Herriko herrietan kontzertuak eskaintzen.
1993an kaleratu zuten lehen diskoa, Exkixu (Gor), Berrizko Lorentzo Records estudioetan grabatua. Rocka, folka, euskara eta aldarrikapenez beteriko abestiak oinarri hartuta, taldeak bere lekua egin zuen garaiko euskal musika eszenan. Disko hartakoak dira Sua sua, Aurkitu zintudan eta Agur kantuak
Bi urte geroago iritsi zen bigarren lana, Gaua heldu orduko (Gor, 1995), Jose Alberto Batizek ekoitzia. Bertan argitaratu zituzten Amaiur eta Sorginen Leizean bezalako abestiak, taldearen errepertorioko ezagunenetakoak bihurtu zirenak.
Musikaz harago, Exkixuk iruditeria propioa ere landu zuen. Euskal mitologia, erritu paganoak eta tradizioarekin lotutako elementuak agertzen ziren taldearen proposamenean. Momotxorroak, bele beltza eta alboka haren nortasunaren ikur bihurtu ziren.
Ibilbide laburra izan arren, 1992tik 1997ra bitartean 300 kontzertu baino gehiago eskaini zituzten Euskal Herrian. Bost urte horietan hainbat sortzailerekin partekatu zuten agertokia, besteak beste, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariekin, Joseba Tapiarekin, Igor Arzuagarekin eta Jose Alberto Batizekin.
1996ko abenduan grabatu zuten azken abestia, Benito Lertxundiren Loretxoa kantuaren moldaketa, Euskal Herrian Euskaraz-en aldeko bilduma baterako. Hurrengo urtean taldea desegin zen. Ondoren, Alex Sarduik Gatibu sortu zuen Haimar Arejitarekin, eta Jon Mikel Arronategik Ken Zazpi taldean jarraitu zuen bere musika ibilbidea.
Orain, Gatiburen agurraren ondoren, Sardui Exkixuren hastapenetara itzuliko da. Hiru hamarkada geroago, taldearen errepertorioa berriro entzuteko aukera izango da zuzenean, garai hartako jarraitzaileak eta abesti horiek gerora ezagutu dituzten belaunaldiak elkartzeko aukera eskainiko duen etapa berrian.
Sarrerak, urriaren 23tik aurrera
Exkixuren itzulerako kontzerturako sarrerak urriaren 23an, ostirala, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, exkixu.eus eta haziberri.eus webguneetan.
Bilboko emanaldia izango da oraingoz iragarritako lehen hitzordua, baina taldeak argi utzi du zuzeneko horrekin etapa berri bati ekin nahi diola.