(argazkiak: Donostia Kultura)

‘Off’ antzezlanak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza saria

Nomofobikoak taldearen komedia distopikoak lehen saria eskuratu du, eta Joserra Fachadoren ‘Patua’ umorezko antzezlan musikalak bigarrena. Bi lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatuko dituzte.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak aukeratu ditu aurtengo lan sarituak. Lehen saria Amaia Lizarraldek, Olatz Beobidek eta Xabin Fernandezek osatutako Nomofobikoak taldearen Off antzezlanak jaso du. Mikel Martinezek antzeztuko du lana. Bigarren saria, berriz, Joserra Fachadok idatzitako Patua antzezlanarentzat izan da, Nerea Ramirez eta Ekain Arrieta aktoreekin.

Off komedia distopikoa da, telefono mugikorrek kontrolatutako errealitate paralelo batean girotua. D2 eta E5 pertsonaiek urteak daramatzate elkarren ondoan lanean, eta lankide berri baten zain daude. Z6 iritsiko da haien lantokira, “itzalaldi handiaren” zain dagoen pertsonaia sinisduna. Aplikazioen eta adimen artifizialaren barrualdea erakutsiko du obrak, egungo errealitateko zalantzak eta beldurrak umorearen bidez landuz.

Patua, aldiz, supermerkatu bateko arrandegian hasten den umorezko antzezlan musikala da. Sara eta Josu txandaren zain daudela, elkar ezagutzen dutela ohartuko dira. Aurreko larunbatean taberna batean elkarrekin izandako gaua gogoratzen hasiko dira, ezusteko amaiera bitxia izango duen kontakizun batean.

Lehen saria irabazi duen proiektuak 2.500 euro jasoko ditu antzezlana garatu eta ekoizteko, eta finalistak 2.000 euro. Bi lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatu beharko dituzte, eta bakoitzak lau emanaldi eskainiko ditu. Emanaldi horien truke, 3.000 euro jasoko ditu Off lanak eta 2.500 euro Patuak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna