J Martina taldea (argazkia: Airaka)

J Martina taldeak agur esango du, azken kontzertu sorta batekin

Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javi Jorajuriak osatutako hirukoteak sare sozialen bidez iragarri du agurra. Kontzertu batzuk antolatu dituzte proiektuak emandako guztia zaleekin batera ospatzeko.

J Martina pop elektroniko taldeak bere ibilbideari amaiera emango dio. Sare sozialetan eskuz idatzitako komunikatu baten bidez eman dute agurraren berri, eta azken kontzertu batzuk antolatu dituztela jakinarazi dute. “Gurekin batera proiektu honek emandako guztia ospatzera gonbidatu nahi zaituztegu”, adierazi dute.

Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javi Jorajuriak osatutako hirukoteak 2021ean kaleratu zuen lehen diskoa, Jaio Naiz Baina, autoekoizpenaren bidez. 2024ko apirilean iritsi zen bigarren lan luzea, Negu Gorri (Balaunka), gazteek bizi dituzten krisialdi garaiei lotutako melankolia, haserrea, etsipena, esperantza eta borrokarako grina ardatz zituena.

Agurreko mezuan, taldeak bere asmoa gogorarazi du: “Mundu zaharraren kontra, eskuartean dugun “beste zerbait” hori kontatzea. Artea fusil bilakatzea”. Halaber, “geroz eta jende gehiago gara mundu berri baten aldeko borrokan dihardugunak” adierazi dute, eta bide horretan beren ekarpena egin izana espero dutela gaineratu.

Taldearen parte izan diren guztiei eta urte hauetan babestu dituztenei eskerrak eman dizkiete. Bereziki, gaztetxe, espazio autogestionatu, zentro sozialista eta elkartasun ekimenak aipatu dituzte: “Gure kantuek bertan hartu dute zentzua”. Izan ere, “J Martina jende askoren artean egindako proiektu bat izan baita beti”, nabarmendu dute.

Azkenik, kalean elkar ikusiko dutela adierazi dute, eta bira honen etekin ekonomiko guztiak “faxismoari aurre egiteagatik errepresaliatuak izan direnentzako” bideratuko dituztela iragarri dute. “Bihotzez, eskerrik asko”, esanez amaitu dute komunikatua.

Zabaldu:

Utzi erantzuna