Talde nafarraren laugarren diskoak hamabi abesti biltzen ditu. Gorka Urbizu eta Jordi Matas ekoizpen gehigarrian aritu dira, eta hainbat sortzailek parte hartu dute grabazioan.
Ibil Bedi taldeak Badaezpada diskoa kaleratu du. Hamabi abestiz osatutako laugarren lan luzea da, eta azken bi urteetan bizitako gorabeheren ondoren iritsi da. “Azken bi urteetan ia fase denetatik pasa gara, batzuetatik ez behin bakarrik. Ez behin bakarrik eta ez gu bakarrik”, azaldu dute taldekideek sare sozialetan.
Diskoa apirilean eta maiatzean grabatu zuten Andoaingo Garate estudioetan, Juan R. Berbin eta Martxel Arkarazorekin. Ekoizpen orokorra Berbinek eta taldeak egin dute, eta Jordi Matasek eta Gorka Urbizuk ekoizpen gehigarrian parte hartu dute. “Ze azkar jakin duzuen zer garen, nondik moztu eta zeri espazioa utzi”, adierazi diete taldekoek.
Abestien hitz gehienak Amets Arangurenek eta Ibai Osinagak idatzi dituzte. Grina kantaren hitzak Itziar Ugarterenak dira, eta Gaur egitekoak abestiarenak Jose Luis Otamendirenak. Azken horrek ahotsa ere jarri du bere kantuan. Bestalde, Gorka Urbizuk pianoa jo du Zarata abestian, Jordi Matasek gitarra Asteazkena piezan eta Matxalen Erzillak biolontxeloa Kotoizkoan. Behe Banda kolektiboak hitzen kontraste-lanak egin ditu.
Taldeak proiektuan lagundu duten pertsona guztiak izan ditu gogoan sare sozialetan argitaratutako mezuan: “Hauen denon diskoa ere bada Badaezpada”.
Badaezpada diskoa aurkezteko bi kontzertu iragarri ditu Ibil Bedik. Lehena azaroaren 7an izango da, Irunberriko zineman, eta bigarrena abenduaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian. Diskoa taldearen Bandcampen dago entzungai, eta CD zein binilo formatuan ere eskuratu daiteke.