Ipuin-kontaketak, antzerkia, literatura, euskara-tailerra eta Pontx pailazoaren ikuskizuna izango dira egitarauan. Jarduera guztiak doakoak izango dira, eta mediatekako saioetarako izena eman beharko da.
Kanboko Herriak bost jarduera antolatu ditu Euskararen Urtaroaren barruan, azaroaren 6tik abenduaren 3ra bitartean. Haur, gazte eta helduei zuzendutako egitarauak euskarazko sorkuntza, irakurketa eta hizkuntzaren ikaskuntza uztartuko ditu, herritarrei euskara eta euskal kultura ezagutzeko eta partekatzeko aukerak eskaintzeko.
Lehen hitzordua azaroaren 7an izango da, 10:30ean, Kanboko mediatekan. Kattalin Sallaberryk eta Arantxa Hirigoyenek Ahurtara bat ipuin ipuin-kontaketa eskainiko dute, 4 eta 9 urte arteko haurrentzat. Saioak 40 minutu iraungo du.
Azaroaren 13an, 19:00etan, Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian antzerki garaikideko ikuskizuna aurkeztuko du AIEC gelan. Emanaldia 16 urtetik gorakoentzat izango da, eta sarrera librea izango da.
Hurrengo egunean, azaroaren 14an, Chantal Barnetche idazleak Tartaro liburuaren inguruko tailerra gidatuko du mediatekan. 7 eta 10 urte arteko haurrek irakurri, ideiak trukatu eta sortzeko aukera izango dute. Saioa 10:30ean hasiko da, bi ordu iraungo du eta gehienez 15 parte-hartzaile izango ditu.
Azaroaren 21ean, 10:00etan, euskara ezagutzen hasi nahi dutenentzako hastapen-tailerra eskainiko du Jakinola elkarteko Orianek, mediatekan.
Azken jarduera abenduaren 2an izango da, 10:30ean. Pontx pailazoak Bisitari ikuskizuna eskainiko du mediatekan, hiru urtetik gorakoentzat eta familia osoarentzat.
Jarduera guztiak doakoak izango dira, baina mediatekan egingo diren saioetarako izena eman beharko da. Horretarako, 05 59 93 50 70 telefonora deitu edo [email protected] helbidera idatzi daiteke.