Azaroaren 6tik 8ra, mahai-inguruak, sorkuntza-tailerra, dramaturgia-txapelketa eta Alberto Conejeroren Leonora antzezlanaren emanaldia hartuko ditu BBK aretoak.
Bilboko BBK aretoan egingo dituzte Dramaturgia Biziak 2026 I. Euskal Dramaturgia Jardunaldiak, azaroaren 6tik 8ra. BBK-k, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Dantzertik sustatutako ekimenak antzerkigileak, profesionalak eta ikusleak elkartuko ditu, dramaturgiaren inguruko topaketen eta jardueren bidez.
Jardunaldietan lau mahai-inguru izango dira azaroaren 6an eta 7an. Emakumeen eta disidenteen antzerkigintza, istorio berriak, antzerki-testuen argitalpena eta euskal dramaturgiaren gaur egungo egoera izango dituzte hizpide. Parte-hartzaileen artean daude Agurtzane Intxaurraga, Amancay Gaztañaga, Aizpea Goenaga, Javier Liñera, Kepa Errasti, Oier Guillan, Olatz Gorrotxategi eta Ainara Gurrutxaga. Saioak doakoak izango dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da.
Jardunaldien beste hitzordu nagusietako bat Bizkaia 2026 I. Dramaturgia Txapelketa izango da. Azaroaren 7an, Dantzertiko ikasleek zortzi testu antzeztuko dituzte, lau euskaraz eta lau gaztelaniaz. Ikusleek aukeratuko dituzte finalera igaroko diren lau lanak, eta azaroaren 8an bi irabazleak erabakiko dituzte. Hizkuntza bakoitzeko lan sarituak 1.000 euro jasoko ditu.
Paco Gamez antzerkigileak Material inflamable izeneko zazpi orduko idazketa-tailerra eskainiko du. Parte hartzeko izen-emateak 40 euro balio du.
Bestalde, azaroaren 6an, 19:30ean, Alberto Conejerok idatzi eta zuzendutako Leonora antzezlana estreinatuko da Euskal Herrian. Natalia Huarte aktore nafarra protagonista duen lanak Leonora Carrington artista surrealistaren unibertsora hurbiltzea proposatzen du. Emanaldirako sarrerak 18 euroan daude salgai.