2027ko uztailaren 21etik 25era egingo den jaialdirako izena eman daiteke azaroaren 20ko 14:00ak arte. Hamabost taldek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte aurretik.
Donostiako 62. Jazzaldiak tokiko hamar jazz talderentzako emanaldiak gordeko ditu 2027ko egitarauan. Taldeak aukeratzeko prozesua martxan da, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 20ko 14:00ak baino lehen eman beharko dute izena Jazzaldiaren webgunean, deialdiaren oinarrietan eskatutako materiala bidalita.
Aurkeztutako proposamenen artean hamabost talde hautatuko dituzte lehenik. Horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute 2027ko urtarriletik martxora bitartean, oraindik zehaztu gabeko egunetan. Kontzertuen datak eta lekuak aurrerago argitaratuko dituzte antolatzaileek.
Zuzeneko emanaldi bakoitzaren ondoren, ikus-entzuleek taldeak bozkatzeko aukera izango dute. Puntuazio handiena lortzen duten hamar taldeek hartuko dute parte datorren urteko Jazzaldian. Antolatzaileen arabera, hautaketak ez du lehiaketa izaerarik: jaialdiko egitarauan sartuko diren taldeak aukeratzea du helburu.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “Euskal Jazz taldeen artean hautaketa prozesu bat aurrera eramateko ekimena 2006an jarri zen abian lehen aldiz eta harrezkero urtero egiten dugu, arrakasta handiarekin”. Azken edizioan parte hartzeko 49 talde aurkeztu ziren, horietatik hamabostek Donostiako zenbait areto eta klubetan jo zuten eta antolakuntzak azkenik hamar aukeratu zituen iazko Jazzaldian jotzeko. “Ikus-entzule asko bildu ziren eta tokiko Jazz taldeen maila altua agerian geratu zen”.
Hautaketa-prozesuaren oinarriak eta izen-emate orria eskuragarri daude Donostia Kulturaren webgunean.