(argazkia: Euskaltzaindia)

Euskararen ahozko jardunari buruzko zortzi ikerlan aurkeztu dituzte Mintzola mintegian

Hezkuntza, aisialdia, hizkeren bilakaera eta euskaraz jarduteko erraztasuna izan dituzte aztergai. Euskaltzaindiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatu dute jardunaldiaren laugarren edizioa.

Euskararen ahozko jardunari buruzko zortzi ikerlan aurkeztu dituzte 2026ko Mintzola mintegian, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostiako Luis Villasante Ikergunean. Aurtengo ikerketa-deialdian saritutako gradu- eta master-amaierako lanen ondorioak ezagutarazi dituzte, baita euskaraz jarduteko erraztasunari buruz abian den ikerketaren oinarri teoriko-metodologikoak ere.

Hezkuntza-inguruneko hizkuntza-ohiturak izan dira hainbat lanen aztergai. Libe Minerrek Gipuzkoako ikastola bateko lau urteko haurren ahozko interakzioak ikertu ditu. Emaitzen arabera, euskara da komunikazio-hizkuntza nagusia, baina erabilera aldatu egiten da testuinguruaren eta solaskidearen arabera.

Camila Utrerak, berriz, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleen aisialdi antolatua aztertu du. Ikerketaren arabera, gaztelania da hizkuntza nagusia aztertutako ikasleen eskolaz kanpoko jardueretan, euskararekiko atxikimendu positiboa izan arren.

Aide Elustondok Orioko euskararen bilakaera fonologikoa landu du, eta Martin Lopezek Busturialdeko hizkeraren ezaugarriak alderatu ditu Ahotsak.eus atariko lekukotasunekin.

Irakaskuntzari dagokionez, Izaro Urretak helduen euskalduntzean ahoskerari ematen zaion lekua aztertu du Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Uxue Cardenasek, aldiz, antzerkian oinarritutako proposamen didaktikoa aurkeztu du, DBHko ikasleen ahozko adierazpena eta euskararen erabilera hobetzeko. Praktikan jarritako esku-hartzearen emaitzak positiboak izan dira.

Maddi Ormazabalek Bilboko Miguel de Unamuno institutuan ahozkotasunak duen lekua ikertu du. Ondorioen artean nabarmendu du hizkuntzaren ezagutza ez dela nahikoa erabilera bermatzeko, eta ahozkotasuna modu sistematikoan lantzea proposatu du.

Azkenik, Unai Oiartzunek euskaraz jarduteko erraztasunari buruzko ikerketa baten oinarriak azaldu ditu. Siadeco ari da ikerketa hori egiten, Euskaltzaindiak eskatuta.

Mintzola Fundazioa 2021ean amaitu ondoren, Mintzola egitasmoa hizkeraren lantegi bihurtu zen. Ordutik, Euskaltzaindiak euskarazko ahozko jardunaren inguruko lan-ildoak garatu ditu, arlo horretan diharduten eragileekin elkarlanean.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna