Behartutako geldialdia sormen bihurtu du Txopetek ‘Galduta nabil eta ez dakit’ diskoan

Taldeak zortzi abesti bildu ditu hirugarren estudioko lanean, popa, post-punka eta folka uztartuta. Diskoa osorik euskaraz sortu dute, hizkuntzarekiko, ondarearekiko eta kulturarekiko konpromisoari eutsiz.

Txopet taldeak Galduta nabil eta ez dakit hirugarren estudioko diskoa argitaratu du, aurreko lanaren aurkezpen-biran izandako etenaldiaren ondoren. Taldekideetako batek istripua izan zuen, eta kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituzten. Behartutako geldialdi hura, ordea, sormenerako aukera bihurtu zen, eta zortzi abesti berri ondu zituzten.

Lan berrian, taldeak bere ohiko sustraiei eutsi die, baina orain arte landu gabeko soinu-elementuak ere txertatu ditu. Popa, post-punka eta folka uztartu dituzte, eta etenaldiak diskoaren soinuan izan du eragina.

Letrek ere garai hartan bizitakoaren arrastoa dute. Galera pertsonalak, barne-gatazkak eta gizartean gertatzen ari diren aldaketa azkarrak dituzte hizpide. Diskoa osorik euskaraz sortu dute, hizkuntzarekiko, ondarearekiko eta kulturarekiko duten konpromisoari eutsiz. Taldearen ustez, “aldaketa sozial bizkorren testuinguruan, euskaraz sortzen jarraitzea ezinbestekoa da”.

Aurreko lanetan bezala, Bilboko Eten Espazio Sonoro estudioan grabatu eta ekoitzi dute diskoa, Urtzi Izarekin. Oraingoan, Jacobo Naya musikari eta teknikaria ere batu da proiektura. Nayak La MODA, Valeria Castro eta Grande Amore artistekin lan egin du, besteak beste.

Diskoaren nortasun bisuala Julen Alberdi artista nafarrak landu du. Lehen diskotik ari da Txopetekin elkarlanean, eta oraingoan abestietan oinarritutako ilustrazioak sortu ditu. Edizio fisikoa ere Euskal Herrian ekoitzi dute, Urdulizko PressPlay enpresaren bidez.

Diskoaren argitalpenarekin batera, aurkezpen-ekitaldi berezi bat egingo du taldeak. Bertan, lan berriko abesti guztiak zuzenean joko dituzte, proiektuan parte hartu duten hainbat lagunekin batera. Nazioarteko bira bat ere egingo dutela iragarri dute.

 

Zabaldu:

Utzi erantzuna