Sam Orti animazio-zuzendari valentziarrak eta Conflictivos Productions ekoiztetxeak La habitación de Damián lana eman diote museoari. Plastilinaz egindako pieza Donostian izan da ikusgai berriki.
Tolosako Topic museoak pieza berri bat jaso du bere bildumarako. Samuel Sam Orti animazio-zuzendari valentziarrak eta Conflictivos Productions ekoiztetxeak La habitación de Damián izeneko lana eman diote zentroari. Plastilinaz egindako pieza da, Ortiren Pos eso (2014) animaziozko film luzerako sortua.
Lanak Damian filmeko protagonistaren logela irudikatzen du, munstroz betetako espazio bat. Bertan, haurra ohean dago, apezpiku batek exorzismoa egin diezaion zain. Xehetasun handiz landutako eszenografia da, stop-motion animazioaren teknika erabiliz egindako filmaren parte izateko diseinatua.
Animazio-teknika horretan, material moldagarriz egindako figurak eskuz mugitzen dira, eta mugimendu bakoitzaren ondoren argazki bat ateratzen zaie. Irudiak bata bestearen atzetik erreproduzitzean, mugimenduaren ilusioa sortzen da. Teknika hori baliatu zuen Ortik Pos eso filma egiteko.
Topic zentrora iritsi aurretik, La habitación de Damián Donostiako Okendo Kultur Etxean egon da ikusgai, Gabinete de curiosidades, monstruos y máquinas erakusketaren barruan. Donostia Kulturak eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak antolatutako erakusketak duela astebete itxi zituen ateak. Kultur Sharea bertan izan zen, eta erakusketako irudiak jaso zituen. Orain, Ortiren lana Tolosako zentroaren bildumaren parte izango da, animazio-zuzendariaren eta haren ekoiztetxearen dohaintzari esker.