Azaroaren 20an jokatuko da sariketa Erratzun, 19:00etan, Etxelebert elkartean. Hiru fasetan banatutako saio bakarra izango da, eta Iratxe Legarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak.
Nafarroako zortzi bertsolari gazte elkartuko dira azaroaren 20an Erratzun (Baztan), XII. Mariano Izeta Bertso Sariketan parte hartzeko. 16 eta 30 urte bitarteko bertsolariei zuzendutako hitzorduak gazteei eta hasiberriei plazak eskaintzea du helburu, euren bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.
Aurtengo sariketa saio bakarrean jokatuko da, hiru fasetan banatuta. Antton Ciriza, Endika Legarra, Idoia Granizo, Julen Bernaldo de Quiros, Kattin Madariaga, Malen Alzuart, Mikel Lasarte eta Patxi Bueno ariko dira kantuan, Iratxe Legarra gai-jartzaile dutela.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatzen dute sariketa, Milepetatzu kirol-kultur elkartearen eta Etxelebert elkartearen laguntzarekin. 2004an egin zuten lehen edizioa, eta bi urtean behin jokatu da ordutik. Aurreko irabazleen artean daude Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Sarai Robles eta Ekain Alegre, besteak beste.
Sariketak Mariano Izeta (Elizondo, 1915-2001) omendu nahi du, herri kulturaren eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lanagatik. Erloju-konpontzailea zen lanbidez, baina idazle, Euskaltzaindiako kide, Baztango hiztegien egile eta mutil-dantzen sustatzaile ere izan zen. Herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten egindako lanagatik, Baztango seme kuttun izendatu zuten.
Bertsolaritzarekin lotura estua izan zuen Izetak. 1936an egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu zuen, eta ondorengo urteetan bertso-saio ugari antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea ere izan zen.