733,5 puntu eskuratuta, Donostiako finalaurrekorako zuzeneko txartela lortu du Sotok. Lehen itzuliko lau saioak jokatuta, erabakita daude azaroaren 21ean, 28an eta abenduaren 5ean ariko diren 18 bertsolariak.
Julio Soto nagusitu zen larunbatean Miarritzeko Jai Alai pilotalekuan jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan. 733,5 puntu eskuratu zituen, eta saioa irabazita, bigarren itzulirako zuzeneko txartela lortu zuen. Horrela, lehen itzuliko lau saioak amaituta, erabakita geratu dira hurrengo fasean kantatuko duten 18 bertsolariak.
Miarritzeko saioak 1.250 lagun inguru bildu zituen. Sotoren atzetik, Sustrai Colina sailkatu zen bigarren, 713 punturekin; Maddi Ane Txoperena hirugarren, 682rekin; Oier Etxeberria eta Maddalen Arzallus laugarren, 672,5 punturekin; eta Andoni Rekondo seigarren, 660 punturekin. Ainhoa Larretxea aritu zen gai-emaile lanetan.
Finalaurrekoen bigarren itzulira lehen faseko lau saioetako irabazleak igaro dira zuzenean, baita puntu gehien pilatu dituzten beste hamalau bertsolariak ere. Hiru saio jokatuko dituzte, Donostian, Gasteizen eta Bilbon.
Donostiako saioa izango da lehena, azaroaren 21ean. Agin Laburu, Aitor Mendiluze, Aner Peritz, Joanes Illarregi, Julio Soto eta Saioa Alkaiza ariko dira kantuan, Ander Aranburu gai-emaile dutela.
Azaroaren 28an, Gasteizen, Aitor Bizkarra, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Maddi Ane Txoperena, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina elkartuko dira. Lierni Altunak egingo ditu gai-emaile lanak.
Azken finalaurrekoa abenduaren 5ean jokatuko da Bilbon. Alaia Martin, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi ariko dira bertan, Beñat Vidal gai-emaile dutela.
Finalaurreko guztiak amaitutakoan, bi itzulietan lortutako puntuazioak batuko dituzte, eta puntu gehien eskuratu dituzten zazpi bertsolariak sailkatuko dira finalera.