(argazkia: EHU)

Baserrien arkitektura eta paisaia uztartzen dituen ikerketa saritu dute

Jon Arcaraz Puntoneten eta Ibon Telleria Julianen Landako bizitza tradizionalaren esku hartzea liburuak Zientzia, Ingeniaritza eta Arkitekturako monografiarik onenaren saria jaso du Unibertsitate Edizioko XXIX. Sari Nazionaletan.

Euskal Herriko baserriak gaur egungo energia-eskakizunetara egokitzeko aukerak aztertu dituzte Jon Arcaraz Puntonet eta Ibon Telleria Julian egileek Landako bizitza tradizionalaren esku hartzea liburuan. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2025ean argitaratutako lanak Zientzia, Ingeniaritza eta Arkitekturako monografiarik onenaren saria jaso du Unibertsitate Edizioko XXIX. Sari Nazionaletan.

Estatu espainiarreko Unibertsitate Argitaletxeen Batasunak (UNE) antolatutako sariak Leonen banatu dituzte. Guztira, hamahiru kategoriatan aitortu dituzte 2025ean argitaratutako lanak, 73 unibertsitate eta ikerketa-zentrotako argitalpen-zerbitzuen parte-hartzearekin.

Epaimahaiak liburuaren ikerketa elebiduna eta orientazio praktikoa nabarmendu ditu, baita landa-arkitektura birgaituaren eta haren ingurune natural eta urbanoaren arteko harremana aztertzeko egindako lana ere.

Baserria, arkitektura eta paisaia

Euskal Herriko landa-paisaiaren elementu adierazgarrienetako bat da baserria. Mendeetan zehar garatutako arkitektura horrek lotura estua du isurialde kantauriarreko paisaiarekin, eta harreman horretatik abiatzen da Arcarazek eta Telleriak egindako ikerketa.

Liburuak planteatzen du eraikin tradizionalak eguneratzeko beharra, gaur egungo energia-eskakizunak bete ditzaten. Izan ere, baserri askok ez dute isolamendurik hormetan, zoruetan edo estalkietan. Egileen lanak, ordea, egokitzapen horiek paisaiaren eta arkitekturaren berezko ezaugarriekin bateragarri egiteko aukerak aztertzen ditu.

Horretarako, eraikinen hormak, estalkiak eta leiho-hutsuneak aztertu dituzte, kasu zehatzen analisien bidez. Birgaitze-proiektuetarako ikuspegi praktikoa eskaintzea da lanaren helburuetako bat.

Saria Igone Zabala Unzalu EHUko Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordeak jaso du, Leongo Unibertsitateko errektore Nuria Gonzalez Alvarezen eta UNEko lehendakari Maria Isabel Cabrera Garciaren eskutik.

Zabalak egileen ikerketaren zorroztasuna, gaurkotasuna eta lurraldearekiko konpromisoa nabarmendu ditu. Halaber, liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu izana azpimarratu du, maila horretako ezagutza zientifikoa eta teknikoa bi hizkuntzetan eskaintzeak duen balioagatik.

Zabaldu:

Utzi erantzuna