Abenduaren 26tik 30era egingo dute egonaldia, 15 eta 22 urte bitarteko gazteentzat. Bertsolaritza, literatura, kantagintza eta antzerkia landuko dituzte, eta izena emateko epea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik.
Ahots Baten Sormen Egonaldiak beste edizio bat izango du aurten Arantzako aterpetxean. Euskaltzaindiak 2015az geroztik antolatzen duen egitasmoak gazteei sormenerako eta esperimentaziorako espazio bat eskaintzea du helburu, baita parte-hartzaileen arteko harremanak sustatzea ere. Bertsozale Elkartearen laguntza du ekimenak.
Egonaldiak hainbat sormen diziplina uztartuko ditu, besteak beste, bertsolaritza, literatura, kantagintza eta antzerkia. Parte-hartzaileek sorkuntzan aritzen diren hezitzaileen laguntza izango dute, eta sortzaile gonbidatuek eskainitako tailer eta emanaldietan parte hartzeko aukera ere izango dute.
Oihana Aranak, Iholdi Beristainek, Naroa Goñik eta June Aiestaranek osatuko dute hezitzaile taldea. Gonbidatuen artean, berriz, Olaia Aguayo aktorea, Maruxak musika taldeko kideak, Maite Caballero ilustratzailea, Harkaitz Cano idazlea eta Miren Amuriza eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak izango dira.
Egitasmoan parte hartuko dute, halaber, Bertsozalek urtero antolatzen duen Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalistek, Euskal Herriko finalisten sari nagusia baita sormen egonaldia. Dena den, gainerako gazteek ere izena eman dezakete.
Izen-ematea abenduaren 4ra arte
Izen-ematea abenduaren 4ra arte egongo da zabalik. Matrikulak 130 euroko prezioa du, eta autobus garraioa, ostatua eta otorduak barne hartzen ditu.
Interesa duten gazteek izen-emate galdetegia bete dezakete.