Andoni Egaña, Zarautzen. (argazkia: Bertsozale Elkartea / XDZ)

Andoni Egaña, txapeldun izatetik txapeldunari txapela jartzera

Bertsozale Elkarteak abenduaren 20ko finalean txapela jartzeko ardura eman dio bertsolari zarauztarrari, plazetan zein elkartearen barruan egindako lana aitortzeko.

Andoni Egaña Makazaga (Zarautz, 1961) izango da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunari txapela jantziko diona. Bertsozale Elkarteak hartu du erabakia, eta Egañak urte luzez bertso munduan egindako lana eskertu nahi du izendapenarekin, bai jendaurrean egindakoa, bai elkartearen barruan garatutakoa.

Egaña da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan txapel gehien irabazi dituen bertsolaria. Lau aldiz nagusitu zen: 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean. Lehen plaza 1982an egin zuen, 21 urte zituela, eta lau urte geroago, 1986an, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuen lehen aldiz. 2009an ere finalista izan zen, eta urte hartan utzi zion txapelketetan parte hartzeari.

Euskal Filologian lizentziatua, 1992an sorkuntzatik bizitzeko hautua egin zuen. Ordutik bertso-plazetan jardun du, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Bertsolaritzaz gain, literaturan, gidoigintzan eta hedabideetan ere egin du lan, besteak beste.

Plazako jardunaz harago, Bertsozale Elkartearen barruan hainbat ardura izan ditu. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kide izan da, baita Eragile Batzordeko kide eta Ikerkuntza saileko arduradun ere.

Hain zuzen, ibilbidearen bi alderdi horiek nabarmendu ditu Bertsozale Elkarteak erabakiaren berri ematean. Egañak bertsolaritzaren alde egindako ageriko eta ezkutuko lana aitortu nahi dio, eta txapeldunari txapela jartzeko ardura ematea izango da aitortza horren adierazpena.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 20an jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna