(argazkia: Durangoko Azoka)

Durangoko Azokak bost eguneko kultur egitarau zabala aurkeztu du

Abenduaren 4tik 8ra, 311 ekitaldi eta 1.098 nobedade bilduko ditu 61. edizioak, literatura, musika, zinema, antzerkia eta beste hainbat diziplina uztartuz.

Durangoko Azokaren 61. edizioko egitaraua aurkeztu dute gaur, Durangoko Musika Eskolan. Bost egunez, euskal kulturako sortzaileak eta haien lanak elkartuko dira Landako Gunean eta herriko beste hainbat espaziotan. Aurten argitaratutako 1.098 nobedade izango dira eskuragarri, tartean 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan eta 57 aldizkari.

“Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da”, adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak. Ohiko bisitariei nahiz kulturzale berriei egitarauan murgiltzeko gonbita egin die, euskal kulturaren askotariko adierazpideak ezagutzeko.

Ahotsenea izango da literaturaren eta musikaren bilguneetako bat. Bertan, 62 liburu eta 43 disko aurkeztuko dituzte bost egunetan. Aurkezpenen erdietan baino gehiagotan gutxienez emakume batek parte hartuko du. Talaian, berriz, 58 aurkezpen eta mahai-inguru izango dira, besteak beste,  idazle euskaldunak, galiziarrak eta katalanak elkartuko dituzten saioak. Bitoriano Gandiagaren lanaz eta Euskal Wikipediaren 25. urteurrenaz ere jardungo dute.

Ikus-entzunezkoek ere izango dute beren lekua. Irudienean 47 lan eskainiko dituzte, film luzeak, dokumentalak eta film laburrak tartean. Gatibu eta Gozategi taldeen inguruko dokumentalak, Lehen Aldiz telesaila eta Iñurri Itsuak filma daude iragarritako lanen artean. Guztira, 15 film labur emango dituzte. Urtero bezala, emanaldi gehienetan sortzaileek eurek aurkeztuko dituzte lanak, eta haur, gazte zein helduentzako proposamenak izango dira.

Arte eszenikoen eskaintza Szenatokian bilduko da. Abenduaren 4an, ikasleentzako bi antzerki-inprobisazio saio egingo dira goizean. Abenduaren 6tik 8ra, berriz, hiru konpainiak jardungo dute egunero, eta estreinaldiak ere izango dira: Aldaketa Dantza Konpainiaren Kapsula 0.1, Maria Blancoren Maria, graziaz betea! eta Garrasi eta Eszenika Naz taldeen Rudolf eta Auskalo.

Ilustrazioak Atartean izango du tokia, Durangoko Museoan. Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanak erakutsiko dituzte, eta Txelu Angoitiaren Begirada: Azoka argazkitan erakusketak azken 25 urteetan Azokan ateratako irudiak bilduko ditu.

Madalenako ermitan kokatutako Berbagailuan, berriz, podcastak ekoizten ari diren gazteak izango dira nagusi. Besteak beste, Edukiontziak, Plaz! eta Peryferykak izango dute lekua bertan. Horrez gain, EITBrekin eta Hiru Damatxorekin batera zabaltzen duten baDA!bil podcastaren azken atala ere bertan grabatuko da.

Kabiak adimen artifiziala, euskara ingurune digitalean eta teknologia berriak izango ditu hizpide, hitzaldi, mahai-inguru eta tailerren bidez. Besteak beste, Sustaturen 25. urteurrena ospatuko da, eta Game Erauntsiak eta Rolariak-ek bideojokoen gunea antolatuko dute. Abenduaren 8an, familientzako eguna izango da, elektronikarekin lotutako tailerrak eta bestelako jarduerak tarteko.

Azkenik, Saguganbaran, haur eta gaztetxoentzako jarduerak egingo dituzte, eta aurten tailerren eskaintza indartu dute. Euskal Herrian sortutako mahai- eta karta-jokoak ezagutzeko aukera ere izango da TOKIren eskutik. Abenduaren 8an, gainera, Asun Casasola Elkarteak helduentzako tailer bat eskainiko du, haur literaturan inklusibitatea lantzeko. Ekitaldien artean ere zabalik egongo da gunea, Azokako nobedadeak eta aurreko urteetako argitalpenak lasai ezagutzeko.

Egitaraua iluntzean ere

Landako Guneko ateak itxi ondoren, jarduerak ez dira amaituko. Abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeek joko dute; 5ean, Mikosisek eta TOCek; eta 6an, Peiremansek. Abenduaren 7an Musika Berria jaialdia egingo dute, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin.

Musikaz gain, Izanen GA! errezitaldia, Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa eta Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua eskainiko dituzte. Oraingoz izen gabe filma ere emango dute, estreinaldiaren 40. urteurrenaren harira. Bestalde, iazko Sormen Bekaren irabazleek Esperantza zoro batez komikia aurkeztuko dute abenduaren 5ean, Talaian.

Azoka abenduaren 4an hasiko da, Ikasle Goizarekin, eta hilaren 5ean Gazte Eztanda egingo dute. Egunero 10:30etik 20:00etara egongo da zabalik, azken egunean izan ezik, abenduaren 8an 18:00etan itxiko baitute.

Egitarau osoa Durangoko Azokaren webgunean kontsulta daiteke. Bertan eguneratuko dituzte izan daitezkeen aldaketak.

Zabaldu:

Utzi erantzuna