Komedia, sormen tailerra eta Maitagarrien Gaua, Iruñeko Labaren egitarauan

Joxe Aldasororen bakarrizketa, Miren Asiain Loraren eskulan tailerra eta fantasiazko izakiei eskainitako ospakizuna izango dira azaroaren 19tik 21era.

Umorea eta sormena izango dira protagonista aste honetan Iruñeko Laba gunean. Gazteluko plazan dagoen euskararen eta euskal kulturaren topaguneak hiru jarduera antolatu ditu ostegunetik larunbatera.

Ostegunean, azaroaren 19an, Joxe Aldasorok Dinosaurotzen bakarrizketa eskainiko du, 19:00etan. Ordubeteko saioan, 50 urte betetzeak dakartzan gorabeherak izango ditu hizpide. Komedia Labara itzuliko da, beraz, Aldasororen eskutik.

Ostiralean, hilak 20, Miren Asiain Lora ilustratzaileak gidatuko du Laba baso magiko bihurtzen eskulan tailerraren bigarren saioa, 16:00etatik 20:00etara. Aurreko saioan lore erraldoiak sortu zituzten, eta oraingoan espazioa apaintzeko elementu gehiago egingo dituzte. Antolatzaileek laguntzeko gogoa duen edonori parte hartzeko deia egin diote, eskulanetan esperientziarik ez izatea ez baita oztopo. Elementu gehiago sortzeko esku gehiago behar dituztela azaldu dute. Tailerrerako izena eman behar da.

Larunbatean, azaroaren 21ean, Maitagarrien Gaua ospatuko dute, 18:00etatik aurrera. Maitagarri, ipotx edo basoko bestelako izakiz mozorrotuta bertaratzeko gonbita egin dute. Gainera, gauaren gaiarekin lotutako sormen-lan laburrak aurkeztu nahi dituztenek oholtza erabiltzeko aukera izango dute. Horretarako, aurrez Labako antolatzaileekin harremanetan jarri eta proposamena azaldu beharko dute.

Zabaldu:

Utzi erantzuna