EITBk eta Artium Museoak Begira Produkzioakekin batera ekoitzitako lana azaroaren 19an aurkeztuko dute Gasteizen, 18:00etan. Proiekzioaren ondoren, artistarekin solasaldia egingo dute.
Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) artistaren ibilbidea jasotzen duen dokumentala estreinatuko dute ostegunean, azaroaren 19an, Gasteizko Artium Museoan. Erresonantziak proiektuaren hirugarren ikus-entzunezko lana da, eta 1980ko hamarkadaren amaieratik Intxaustik arte garaikidearen esparruan egindako ekarpena du ardatz.
Ordubete inguruko dokumentala Gasteizen, Bilbon eta Mendatan grabatu dute; azken herri horretan dago artistaren lantegia. EITBk, Artium Museoak eta Begira Produkzioak ekoiztetxeak elkarlanean garatu dute pieza, euskal artisten lana ikuspegi kritiko eta historiko batetik ezagutarazteko sortutako egitasmoaren barruan.
Eskultura, marrazkia eta ikus-entzunezko narrazioa
Gema Intxaustik eskulturaren, marrazkiaren eta ikus-entzunezko narrazioaren esparruetan egiten du lan nagusiki. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta zinema eta bideo arloko prestakuntza jaso zuen Erresuma Batuan. Bere sorkuntzan zinemaren, musikaren eta literaturaren erreferentziak ageri dira, eta irudiaren, testuaren eta narrazioaren arteko harremanak aztertzen ditu.
2018an, ibilbide artistikoari ematen zaion Gure Artea Saria jaso zuen. Bi urte geroago, Artium Museoak Jendetzaren erdian, atxiloketari begira erakusketa antolatu zuen, artistaren formatu handiko lehen bakarkako erakusketa.
2022an, gainera, Intxaustik bere ibilbideari lotutako dokumentu-funtsa eman zion museoari. Dokumentazio pertsonala, sortzailea eta profesionala biltzen duten zazpi artxibo- eta karpeta-kutxaz osatua dago, eta 1980ko hamarkadaren amaieratik 2000ko hamarkadaren hasierara arteko praktika feminista, kontzeptual eta diziplinartekoei buruzko materiala jasotzen du, besteak beste. Funtsa katalogatuta dago eta Artium Museoaren webgunean kontsulta daiteke.
Proiekzioa eta artistarekin solasaldia
Dokumentalaren aurkezpena 18:00etan hasiko da. Artium Museoaren zuzendari Beatriz Herraezek eta EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernandezek aurkeztuko dute lana.
Emanaldiaren ondoren, solasaldia egingo dute Gema Intxaustik, Beatriz Herraezek eta Larraitz Zuazok, Begira Produkzioak ekoiztetxeko zuzendari eta dokumentalaren errealizazioaren arduradunak. Artistaren lan-prozesuak eta dokumentalaren ekoizpena izango dituzte hizpide. Bi jardueretarako sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango da. Dokumentala ETB ON plataforman ere estreinatuko dute ostegunean bertan.
Erresonantziak egitasmoaren barruan, Esther Ferrer eta Mari Puri Herrero artisten ibilbideei buruzko dokumentalak aurkeztu zituzten joan den martxoan. Intxaustirena da saileko hirugarren lana, eta laugarrena ere ekoizpen-fasean dago jada.
Hurrengo dokumentalaren protagonista Itziar Okariz (Donostia, 1965) izango da. Performancea, bideoa eta instalazioa lantzen dituen artistaren inguruko pieza Gasteizen eta New Yorken grabatu dute, besteak beste, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko dute. Okarizek 2026ko Gure Artea Saria jaso du, bere ibilbide artistikoagatik.