(argazkia: Ikastolen Elkartea)

Ikastolek euskalduntze eredua birdiseinatzeko prozesua abiatuko dute

Euskal Herri osoko aditu eta eragileekin elkarlanean landuko dute murgiltze eredu berria, hezkuntza formaletik harago eredu integralago bat garatzeko. Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan eman dute erabakiaren berri, Donostian.

Ikastolek euskalduntze estrategia berrikusteko eta murgiltze eredua birdiseinatzeko prozesua abiatuko dute. Iragarpena gaur egin dute, Donostiako Kursaalen, Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoen hasieran. Hezkuntzaren arloko 600 profesionalen aurrean aurkeztu dute egitasmoa, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko, Seaskako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko hezkuntza zuzendariek.

Prozesuaren helburua euskararen biziberritzeari lotutako erronka berriei erantzutea da. Ikastolen arabera, ez da nahikoa ikasleei euskaraz irakastea; “euskaraz bizitzeko, gozatzeko eta hizkuntza transmititzeko gai diren pertsonak hezi behar dira”. Horretarako, hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartu nahi dituzte.

Eskolatik haragoko eredua

Murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren mugak gainditu behar dituela azaldu dute. “Ez da nahikoa euskaraz irakastea. Euskal kontzientzia piztu, euskal dimentsioarekiko atxikimendua lortu, hizkuntza gaitasuna ziurtatu eta euskara erabiltzeko espazio erosoak sortu behar ditugu, bai ikasgelan eta bai ikasgelatik kanpo”.

Egitasmoan ezinbesteko aliatutzat jotzen dituzte “guraso antolatuak, aisialdiaren esparruko eragileak eta erakunde publikoak”. Halaber, estrategia berriak tokian tokiko errealitate soziolinguistikoetara egokitzeko beharra nabarmendu dute.

Globalizazioak, digitalizazioak eta harremanetarako modu berriek, bilakaera soziodemografikoekin batera, hezkuntzan eragin dituzten aldaketak aipatu dituzte prozesuaren abiapuntu gisa. Haien ustez, orain arteko ereduen indarguneak eta ahulguneak aztertu behar dira, etorkizuneko estrategiak zehazteko.

Ikastolek adierazi dute prozesua ez dela beren ikastetxeetara mugatuko, eta Euskal Herriko hezkuntza sistema guztiak izango dituztela kontuan. Horregatik, Euskal Herri osoko aditu eta eragileekin elkarlanean garatzeko asmoa azaldu dute.

Euskararen biziberritzea, jardunaldien ardatz

Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoek Donostiako Kursaalen jarraituko dute gaur egun osoan. Euskal Herriko eta nazioarteko aditu eta erreferenteek parte hartuko dute, murgiltze ereduaren egungo erronkak eta etorkizuneko bideak aztertzeko.

Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa arduradunak hezkuntzaren eta euskararen indarberritzearen arteko harremana aztertuko du. Kike Amonarriz soziolinguistak, berriz, ikasgelatik eta ikastetxetik harago euskararen erabilera sustatzeko aukerak landuko ditu.

Harrera estrategiei buruzko saioetan, Anna Foresek ikasleen ongizate emozionalak hizkuntzen ikaskuntzan eta inklusioan duen garrantzia aztertuko du, eta Vicent Climent-Ferrandok hizkuntza gutxituen erabilerarako baldintza sozial eta instituzionalak izango ditu hizpide.

Letizia Garciak hizkuntza gaitasuna, atxikimendua eta erabilera aztertuko ditu, eta Siwan Jonesek Galesen hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala aurkeztuko du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna