(argazkia: Tabakalera)

Moriarti, Albertina Carri eta Pasoliniren lanak izango dira Tabakaleraren 2027ko zine-programazioan

‘Tabakalera Belaunaldia’ topaketaren bigarren edizioa eta Donostiako Zinemaldiaren 75. urteurrenari lotutako ‘Herri Pantaila’ egitasmoa ere izango dira datorren urteko proposamenen artean.

Tabakalerak 2027rako zine-programazioa aurkeztu du. Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa, Albertina Carri, Pier Paolo Pasolini eta Jacques Tati zinemagileen inguruko zikloak, zinema arabiar garaikidea eta klima-larrialdiari buruzko proposamenak izango dira egitarauaren osagaietako batzuk. Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eta Tabakalerak elkarlanean osatu dute programazioa.

Urteko lehen hitzorduetako bat Tabakalera Belaunaldiaren bigarren topaketa izango da, urtarrilaren 14tik 16ra. Hiru egunetan, publikoari irekitako proiekzioak eta zinema arloko profesionalei zuzendutako topaketak egingo dituzte. Harkaitz Canok eta Maria Elorzak emandako lantegi batetik sortutako Zine izarak film kolektiboak irekiko du egitaraua. Bingham Bryanten El espejismo ere proiektatuko dute, eta Meritxell Colellen Lejos de los árboles filmak itxiko du topaketa.

Zinemaldiaren 75. urteurrenari begira

Donostiako Zinemaldiak Herri Pantaila egitasmoa jarriko du abian otsailean, bere 75. urteurreneko ospakizunen barruan. Ekainera arte, hilean behin, larunbat goizetan, Zinemaldian aurrez erakutsitako bost film berreskuratuko dituzte. Josefina Molinaren Función de noche, Sofia Coppolaren The Virgin Suicides, Lucile Hadque ihaliloviquen Innocence, Anahi Berneriren Por tu culpa eta Mia Hansen-Løveren Eden izango dira ikusgai.

Desirée de Fez kazetari eta idazleak prestatu du proposamena. Emanaldi bakoitzean, ikusleek filmean sakontzeko material didaktikoa jasoko dute, eta saioaren amaieran beste lan eta erreferentzia batzuk ezagutzeko aukera izango dute.

Zinemagileei eta askotariko gaiei eskainitako zikloak

Tabakalerak Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa antolatuko du. Albertina Carri zinemagile argentinarraren zazpi film luzeak ere proiektatuko dituzte, tartean Los rubios (2003).

Zinearen eta literaturaren arteko harremana lantzen duen zikloa, berriz, urtarrilaren 21ean hasiko da, Pier Paolo Pasoliniren lanekin. Euskaraz azpititulatutako hiru proiekzio izango dira, eta Miren Artetxe ikertzaile eta bertsolaria izango da lehen gonbidatua. Kontatutako zinea zikloa ere itzuliko da, urtarrilaren 30ean, Rodrigo Sorogoyen zinemagilearekin.

Tabakalerak eta EHUk elkarlanean bultzatutako Gazteak zinean proiektuaren barruan, ikasle talde bat arduratuko da hilean behin saio bat programatzeaz, aretora publiko berria erakartze aldera. Laugarren edizio hau urtarrilaren 28an hasiko da, Ken Russell-ek zuzendutako The Devils (1971) lan polemiko eta zentsuratuaren proiekzioarekin, filma 4K bereizmenean zaharberritu da.

Bestalde, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatutako Nosferatu zikloak zinema arabiar garaikidea izango du ardatz. Urtarrilaren 13an hasiko da, Sofia Alaouiren Animalia filmarekin, eta abendura arte iraungo du. Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko hainbat herrialdetako ekoizpenak bilduko ditu.

Elias Querejeta Zine Eskolak Jacques Tatiri eskainitako zikloa antolatuko du urtarriletik maiatzera, eta Euskadiko Filmategiak Zinema eta zientzia egitasmoaren hamargarren edizioa egingo du. Azken horrek hamar film eskainiko ditu, Donostian ez ezik, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donibane Lohizunen ere.

Aldaketa klimatikoak ere izango du lekua programazioan. Zinemaldia + Plus egitasmoaren barruko Begirada klimatikoa zineman zikloak zazpi film eskainiko ditu urtarriletik ekainera, tartean Lucrecia Martelen Nuestra tierra, Chris Sandersen The Wild Robot eta Rocio Mesaren Secaderos.

2027ko zine-bonuak ere jarraipena izango du. 90 euroren truke, 30 film ikusteko aukera eskainiko du, eta abenduaren 15etik aurrera erosi ahal izango da Tabakaleraren webgunean eta Informazio Puntuan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna