Izaki Gardenak taldeak ostiralean emango du bira amaierako kontzertua Gasteizen

Azaroaren 27an Jimmy Jazz aretoan eskainiko duen emanaldiaren ondoren, itzulera datarik gabeko geldialdia egingo du taldeak. ‘Zuen eguzkia’ kantuaren bertsio berritua ere argitaratu du.

Izaki Gardenak taldeak ostiral honetan, azaroaren 27an, emango du bira amaierako kontzertua Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Sara Zozayak ere parte hartuko du hitzorduan. Emanaldi horren ondoren, zuzenekoak eskaintzeari utziko dio taldeak, itzulerarako datarik zehaztu gabe.

Ia bi urteko ibilbidean, berrogei kontzertu baino gehiago eskaini ditu Izaki Gardenakek, Euskal Herriko zein kanpoko areto, gaztetxe eta jaialdietan. Orain, aurreko batean egin bezala, geldialdia egitea erabaki dute taldekideek.

Etenaldi hori beste proiektu batzuetan aritzeko, taldearen hurrengo urratsak hausnartzeko eta balizko musika zein hitz berriak lantzeko baliatuko dute. Geldialdiaren aurretik, ordea, beren hirian, Gasteizen, eskainiko dute azken zuzenekoa.

‘Zuen eguzkia’ kantuaren bertsio berria

Bira amaierarekin batera, Zuen eguzkia abestiaren bertsio berritua ere aurkeztu du taldeak. Duela aste batzuk grabatu zuten Lasarteko Ulu estudioetan, eta grabaketaren bideoa ere argitaratu dute.

Kantuaren jatorrizko bertsioa Amaieratik hasi diskoan kaleratu zuten, 2013an, Oihuka diskoetxearen eskutik.

Gasteizko Jimmy Jazz aretoko kontzerturako sarrerak salgai daude.

Zabaldu:

Utzi erantzuna