‘Antzar bat’ eta ‘Kalamua’ aurrerapen kanten ondoren iritsi da taldearen estudioko seigarren lana. Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da lehen aldiz formatu fisikoan.
McOnak taldeak estudioko seigarren lana kaleratu du Traganarrua izenburupean. Diskoa entzungai dago jada plataforma digitaletan, hil honetan kaleratutako Antzar bat eta Kalamua aurrerapen kanten ondoren. Denera, hamar abestiz osatutako diskoa da, eta Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da lehen aldiz formatu fisikoan.
Diskoaren izenak itsasoan sortzen den fenomeno atmosferiko ezegonkor bati egiten dio erreferentzia. “Ur beroak eta haize hotzak bat egiten dutenean sortzen den egoera deseroso eta aurreikusezina da”, azaldu du taldeak; “indar handia har dezakeen une bizia eta zaratatsua da, eta ezin da aurreikusi nola jokatuko duen”, gehitu dute taldekideek.
Irudi horren bidez, inguruan gertatzen denari adi egoteko, egoera aztertzeko eta eragiten digunaren aurrean altxatu eta esku hartzeko gonbita egin du McOnakek. “Behatu, nola jokatu aztertu eta eragindakuan aurrian altza eta eskuhartu. Ixan gaitezen gu geu Traganarrua! Astindu daiguzan bazterrak eta alkarreaz eingo dotzau aurre hodei baltz horreri”, adierazi dute.
Itsasoarekin lotutako istorioak
Diskoa kaleratu aurretik, bi abesti aurkeztu ditu McOnakek hil honetan. Lehenengoak, Antzar bat izenekoa, XX. mendearen erdialdean Gipuzkoako Goierritik Ternuara bakailaoa arrantzatzera joandako herritarren istorioak kontatzen ditu, gerraosteko miseria, sorterriarekiko herrimina eta bakailao-ontzietako lan-baldintza gogorrak jasoz.
Bigarren aurrerapena, Kalamua, Bizkaian beita biziarekin kostaldeko arrantzan aritutako azken ontziaren istorioan oinarritzen da. Ezagutu zuen mundua desegiten ikusten ari den belaunaldi baten erretratua egiten du. Kritikaren eta etsipenaren aurrean, konpromisoa, ekintza eta itxaropena aldarrikatzen ditu kantuak.
2011n Lekeition sortutako taldeak folk-rocka landu du bere ibilbidean, Irlandako musika tradizionalaren, rockaren eta punkaren eraginak uztartuz. Itsasoarekin lotutako istorioak ere agertu izan dira haren aurreko lanetan, besteak beste, Bitakora diskoan.