Lekeitioko taldeak reggaetona, rapa, trapa eta afro erritmoak uztartu ditu lan berrian. Hamabi abestiz osatutako diskoan, harreman pertsonalek, parranda giroak eta pogoak dute lekua.
48280 talde lekeitiarrak Herri txiki infernu handi lehen diskoa aurkeztu du. Reggaetona, rapa, trapa, afro erritmoak eta bestelako musika-estiloak bildu ditu lanean. Diskoaren izenburuak taldearen kontzeptua laburbiltzen du: Lekeitio herri txikia izan arren, “infernu handi” bihur daitekeela beste guztientzat.
Taldearen izena Lekeitioko posta-kodetik dator, 48280 zenbakitik. 2024an sortu zen, eta Txoron, Blesz, Ruizma, Lil eta Karzu dira bertako kideak. Kuadrilla berekoak direla esan daiteke, eta taldea sortu aurretik ere aritzen ziren musikan. Kide batzuek kalean freestyle eran rapeatzen zuten, eta Txoronek bere aldetik sortzen zituen oinarri musikalak.
Hasieran, Txoron Bleszen kontzertuetan aritzen zen; ondoren, Ruizma eta Lil batu zitzaizkien, eta geroago Karzu. Inguruko gaztetxeetatik jotzeko deiak jasotzen hasi ziren, eta jarraitzaile kopurua handituz joan zen kontzertuz kontzertu. Bleszek bi album eta EP bat argitaratuak zituen aurretik, eta Txoronek zein Lilek ere disko bana kaleratua zuten. YouTuben zabaldutako abestien bidez ere egin dira ezagun.
Erritmo eta istorio ugari
Sutan sarrerako kantua zuzeneko emanaldiak irekitzeko prestatu dute, eta Lekeitioko kantu zaharren estiloa eta ohiturak musika urbanoarekin lotzen ditu, reggaetona, trapa, rapa, Jersey eta hardstyle teknoa uztartuz.
Diskoan hainbat harreman eta maitasun-istorio ageri dira. Moula afrobeat estilokoa da, eta neska bati eskainita dago; Sobran dakiu kantuak, berriz, bi pertsonaren arteko desira eta erakarpena ditu hizpide. Begiratzen nazunin abesti erromantikoan Tattak parte hartu du, eta Keia ta barria kantuan galdutako harreman bat berreskuratu nahi duen mutil baten istorioa kontatzen dute. Baby esan, Tropikal eta Tranposa abestiek ere harreman pertsonalak jorratzen dituzte.
Parranda giroak ere toki handia du lanean. Azkana da etxera trap erritmoko kantua da, eta Fast food zein Gaben esklabuak abestiek gaueko festa eta harremanak dituzte hizpide. Txarger Lekeitioko parrandari eskainitako kantua da, eta Kiliki, Malakias eta jodiduk parte hartu dute bertan.
Zuzeneko emanaldietan pogoari ematen dioten garrantzia Zabaldu gehijo amaierako kantuan islatu dute. Taldearen jarraitzaileei eskainitako abestia da, eta kontzertuetan entzuleei pogoan zabaltzeko egiten dieten oihua hartu dute izenburutzat. Taldeak pogoari egindako omenaldi gisa aurkeztu du.
48280ko kideek euskaraz abesten dute, umetatik bizi izan duten hizkuntza delako. Euskaraz kantatuz Euskal Herritik kanpoko beste leku batzuetara iristea dute erronka. Peru Aldazabal arduratu da diskoaren diseinuaz, eta Nko da taldearen bideogilea.