Urtarrilean Buesa Arenan egingo duen ikuskizunaren xehetasunak aurkeztu ditu taldeak Gasteizen. Musika elektronikoa, zinema eta zuzeneko antzezpena uztartuko ditu, eta aretoko pista ere zabalduko duela iragarri du.
Zetakek Banax Arabacoa ikuskizuna aurkeztu du Gasteizen egindako ekitaldian. Urtarrilean Buesa Arenan eskainiko duen emanaldian, Arabako zortzi istorio eramango ditu oholtzara, musika elektronikoa, ikus-entzunezko piezak eta zuzeneko antzezpena uztartuta. Aurkezpenean Pello Reparaz musikaria, Karmele Jaio idazlea, Maider Oleaga zinemagilea eta Amaia Busto aktorea izan dira, proiektuaren sorreraz eta Arabarekin duen loturaz hitz egiteko.
Reparazek azaldu duenez, hasieratik izan dute argi oso ikuskizun arabarra prestatu nahi zutela, eta horretarako bertako jendearekin lan egitea ezinbestekotzat jo dute. “Behin Arabako ikuskizuna prestatzen hasita, zergatik ez baliatu aukera Araba hobeto ezagutzeko, bai guk, bai ikuskizunez ikuskizun jarraitzen gaituztenek?”, adierazi du. Arabarren ahotsa entzutea bermatzeko, lurraldeko sortzaileekin eta herritarrekin elkarlanean aritzea erabaki zuten.
Karmele Jaiok ere Arabaren ezagutzari buruz hitz egin du. Reparazek hasieran egindako galdera bat ekarri du gogora: “Araba entzutean, zer kolore datorkizu burura?”. Idazlearen ustez, galdera horrek erakusten du taldeak lurraldea ezagutzeko eta bertako biztanleei entzuteko izan duen jarrera. Arabaren aniztasuna ezagutzeko aukera izango dela nabarmendu du, baita euskarak lurraldean duen presentzia aldarrikatzeko ere. “Uste dut aldarrikapena izango dela, baina batez ere ospakizuna”, esan du.
Pantailatik oholtzara
Ikuskizunaren fikziozko kontakizuna Arabako herri bateko bolatokian hasiko da. Bertan, Pello Reparaz Gasteizera iritsi da kontzertua ematera, baina festa dagoeneko hasita dago. Bolatokian dantzan ari diren zortzi lagunen istorioek galdera bera izango dute oinarri: zer jaso dugu aurrekoengandik, eta zer utzi nahi diegu ondorengoei?
Pantailan hasiko diren kontakizunek Buesa Arenako oholtzan izango dute jarraipena, antzezle gazteen eta Zetaken zuzeneko musikaren bidez. Horretarako, Arabako herri eta eskualdeetako gazteen parte-hartzea bilatu du taldeak. Maider Oleagak azaldu duenez, 250 hautagaitzatik gora jaso dituzte Arabako zortzi lurraldetatik, dantza, musika eta antzezpenaren arloetan. Zinemagilea ikus-entzunezko piezen zuzendaria izango da, eta lan-taldea osatzen eta filmaketa prestatzen ari dira.
Ekitaldiaren amaieran, Pello Reparazek hiru abesti eskaini ditu akustikoan, Yosmel Lazoren teklatuen laguntzarekin.
Pista ere zabalduko dute
Ikuskizunaren aurkezpenarekin batera, Zetakek Buesa Arenako pista irekiko duela jakinarazi du. Egokitzapen teknikoen bidez, ikusleek artistengandik metro gutxira jarraitu ahal izango dute emanaldia. Pistara sartzeko, ezinbestekoa izango da kontzertuaren egunean 18 urte beteta izatea.
Dagoeneko harmailetako sarrerak dituztenek pistara aldatzeko aukera izango dute. Aldaketa egiteko epea datozen egunetan irekiko da, baina oraindik ez dute data zehatzik jakinarazi. Epea zabaltzen denean, sarrerak erosi dituen pertsonak mezu elektroniko bat jasoko du erosketa egiteko erabilitako helbidean. Aldaketa aukerakoa izango da, eta harmailetako eserlekuari eutsi nahi diotenek ez dute inolako izapiderik egin beharko.
Aldaketak eskatzeko epea amaitu ondoren, pistako gainerako sarreren aurresalmenta zabalduko zaie Zetaken datu-basean daudenei. Ondoren, salmenta publikorako esteka argitaratuko dute taldearen ohiko komunikazio-kanaletan.