‘Lurralde berriak’ diskoa kaleratu du Iker Martinezek

Soinu akustikoa guztiz baztertu gabe, musikariak jorratzen dituen doinuak anitzagoak dira lan berrian.

Hamaika kantuz osatuta dator Iker Martinezen (Oñati, 1977) Lurralde berriak diskoa. Soinu akustikoa guztiz baztertu gabe, musikariak jorratzen dituen doinuak anitzagoak dira lan berrian: kutsu amerikarreko rocka (Ryan Adams, The Black Crowes, The Jayhawks, Bruce Springsteen…), pop doinu alaiak (REM, Oasis…) eta Fredi Pelaez musikariarekin elkarlanean, organoa, wurly-a eta pianoa ere entzun ahal izango dira. Berez sinpleak diren doinuak oso era dotorean jantzi ditu Oñatikoak eta entzuleari benetako musika esperientzia osatu bat eskaintzen dio.

Hitzei dagokienez, Martinezek ez du bere burua ezkutatu nahi izan eta berari buruz idatzi du: sentitzen duenaz, ikusten duenaz…  Askatasun pertsonala, maitasuna, galera, tristura, bizitza erdiko krisia, heriotza, aurrera egitea… Hitzak, bere bizitzaren momentuko erradiografiak dira, mamuak uxatzeko, eta barruan daukana ateratzeko bidea.

Diskoaren oinarria Martinezek berak Jimmy Irizar eta Joxeba Aranbururekin batera grabatu ditu Andoaingo Garate estudioetan, Iñaki Zubia oñatiarrak gidatuta. Horren ostean, Pelaezekin batera burutu du lana Beasaingo Pottoko estudioetan, eta azkeneko grabaketak Oñatin bertan egin ditu Zubiarekin. Irene Balzategi oñatiarrak ere abestu du, eta Xabi Zeberiok eta Pello Ramirezek ere parte hartu dute.

Nahasketa Zubiak egin du eta masterizazioa aldiz Estanis Elorzak (Doctor Master). Diskoa auto ekoiztua izan da eta Oñatiko hainbat talderen musika batzen duen Almehuna zigilupean argitaratu du.

Martinez aspaldi hasi zen musikaren munduan. Latzen taldearekin aurrena eta Potemkin, Amonal edo Lenao taldeetan ondoren. 2017an Itzalen mundua izeneko bere bakarkako lehenengo lana kaleratu zuen. Sei kantuz osatuta, kutsu intimista eta soinu akustikoa erdigunean zituen abesti bildumak.

 

Zabaldu: