Euskaltzaindiaren jarduna modu entretenigarrian azaltzen duen komikia aurkeztu dute

Mamiari uko egin gabe, Akademiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen saiatu dira Juan Luis Zabala idazleak eta Amaia Ballesteros irudigileak.

Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna izeneko komikiak Akademiaren jarduna jasotzen du “modu entretenigarrian”. Juan Luis Zabala kazetari eta idazleak idatzi du gidoia eta Amaia Ballesterosenak dira irudiak. “Ezustean hartu ninduen Andres Urrutia euskaltzainburuak egindako proposamenak, baina berehala onartu nuen, lan interesgarria izango zela iritzita”, esan du Zabalak; bide batez, prozesuaren zailtasunak azpimarratu ditu: “Mamiari uko egin gabe, Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modurik atsegin eta entretenigarrienean kontatzen saiatu naiz, Ballesterosen laguntzarekin. Zailena izan da kontaketari bizitasuna ematea eszena eta pertsonaien arteko solasaldi zehatzen bidez, kontaketa orokorrari muzin egin gabe”. Idazle azkoitiarrak aitortu du Akademiaren iraganeko irudia aldatzen saiatu dela: “Euskaldun askok Euskaltzaindia erakunde zaharkitutzat dute eta, lausoa bada ere, beldur moduko bat diotela iruditzen zait, hiztunak epaitu eta zigortzeko sortutako erakundea balitz bezala. Komikiak ikuspegi hori aldatzen laguntzea gustatuko litzaidake, erakutsiz Euskaltzaindia euskaldunoi laguntzeko sortua dela eta horretan ahalegintzen dela”.

Ballesterosek bere aldetik, zazpi hilabete behar izan ditu gidoia moldatu eta irudiak marrazteko. “Juan Luis eta biok Euskaltzaindiaren historia komikiaren hizkuntzara moldatzen saiatu gara, ukitu futurista bat emanez, Blade Runner-en antzera”. Zabalarekin “oso ondo” konpondu dela dio irudigileak. “Nire marrazkiak eta ilustrazioak oso koloretsuak dira, bizi pixka bat eman behar zitzaion komiki honi, eta ez da beti erraza izan. Batzuetan pertsonaia asko irudikatu behar nituen batera espazio txiki batean, beste batzuetan ez neukan pertsonaien argazkirik, eta irudimena erabili behar izan dut… Hara, bitxikeria bat: XX. mendeko hasierako argazki guztiak zuri-beltzekoak ziren, eta ia komikiaren bukaeran enteratu nintzen Azkue ilegorria zela!”.

“Lan garrantzitsua izan da, gozatzekoa, eta gainera asko ikasi dut. Ohore handia izan da niretzat maite dudan hizkuntzaren akademiaren historia marraztea”, gehitu du Ballesterosek.

Komikiak 72 orrialde ditu guztira, azal gogorra, koloretan argitaratu da eta lau ataletan banatuta dago. Halaber, argitalpenaren arduradunek adierazi dute paper ekologikoa erabili dela prozesu guztian: “Honen bidez, ingurumena zaintzeko konpromisoa erakutsi nahi izan dugu”, azpimarratu dute.

Zabaldu: