Hatortxu Rock elkartasun jaian igoko dira Elorrioko musikariak oholtzara, abenduaren 28an.
Lau urteren ondoren, oholtzetara igoko da berriro Iheskide taldea, Hatortxu Rock jaian izango da hori, abenduaren 28an. Xabier Gallastegi Xaguk Gara egunkarian eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, taldea behin baino gehiagotan elkartu da lokalean, “lagun artean zarata apur bat” egiteko asmoarekin, eta aitortu duenez, “kantak jotzerakoan izan ditugun sentsazioek asko lagundu digute Hatortxutik jasotako proposamena onartzeko orduan”.
Xaguk aitortu du gainera, “sarritan, zerbait edo norbait faltan duzun arte ez duzu behar beste baloratzen uzten dizun hutsunea” eta horixe bera gertatu zaio taldeari ere. Lau urteren ostean, “oinarri eta konplizitate horietara jotzeko beharra sumatu dugu. Horretan sostengatzen da Iheskide”.
Elorrioko musikariek 2016an iragarri zuten sare sozialen bidez, eguneroko konpromiso eta zailtasunen ondorioz, taldea desegin behar zutela.
2004tik egon zen martxan laukoa, hasieran baina, Ihesbide izenarekin. 2006an kaleratu zuten lehenengo maketa eta, horren ostean, beste lau disko argitaratu zituzten.
Garaitu ez gaituztelako izan zen taldeak argitaratu zuen azken lana, 2015eko abenduan eta handik hilabete gutxira hartu zuten desegiteko erabakia.
Eguneroko kontuek dakartzaten pisuagatik amaitu zuen Iheskidek bere ibilbidea, baina aurretik ere gorabehera asko izan zituzten. Taldekideen joan-etorriengatik boskote izatetik laukote izatera pasatu ziren, unearen arabera. Tronpi baxu-jotzailea urte askoan egon zen espetxean, taldean parte hartu ezinda. Gainera, 2008 eta 2009 bitartean, urte eta erdiz ia erabat geldirik egon zen taldea.