Zabalik da jada aurtengo Kameratoian parte-hartzeko deialdia, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rally-a.
Euskaltzaleen topaguneak eta Euskal Zine Bilerak bat egin dute berriro ere euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena indartzeko ekimen honetan.
Urriaren 25etik eta 27ra egingo da rally-a Lekeition eta izena emateko epea urriaren 23ra arte egongo da zabalik Kameratoia.eus webgunean. Lehenengo 30ek gainera, Lekeitioko Trinkete Aterpetxean egonaldia eta gosaria doan izango dute lanak aurkeztearen truke.
Gaia lehenengo egunean, urriaren 25ean, emango da, 26an grabaketak hasiko dira eta 27an Ikusgarri zine aretoan aurkeztuko dira. Gaiaren inguruan hausnartu, gidoia idatzi, grabatu eta irudiak muntatu beharko direla iragarri dute antolatzaileek. Sormenezko ariketa honetan, Lekeitio eta bere kaleak izango dituzte parte-hartzaileek haien lanak aurrera eramateko eta noski, filma lasaitasun osoz muntatzeko gune bat jarriko da eskura.
Sari potoloak lan onenentzat
Film labur onenak 1.000 euroko saria jasoko du eta bigarrenak 600 eurokoa. Horretaz gain, publikoa protagonista izango da, ikuslearen sariaren irabazlea aukeratuko baitu.
Era berean, egitasmoaren lehen sariaren irabazlea Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira zirkuitu ibiltariaren barruan sartuko da. Gainera, lehenengo eta bigarren sarituak Durangoko Azokaren barnean antolatzen den Sortzaile Amateurren Dema lehiaketan parte hartuko dute, Euskal Herriko beste lehiaketetako finalistekin batera.