Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Koban eta Nogen izango dira oholtzara igoko diren taldeetako batzuk.
Hatortxu Rockek 23. edizioa antolatuko du abenduaren 28an, Atarrabian. Aurtengo leloa, Maitasunaren apologia izango da eta gaur, oholtza gainean izango diren taldeak eta 23. edizioak dakartzan berritasunetako batzuk aurkeztu dituzte antolatzaileek:
1999an sortu zen Hatortxu Rock elkartasun jaia, euskal presoek, iheslariek eta deportatuek bizi duten egoera salatzeko, eta sakabanaketa sufritzen duten presoen senide eta lagunei laguntza ekonomikoa emateko. Hogei urteren ostean, berdin jarraitzen dute. “2019 honetan, Euskal Herriak, gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman beharko lituzkeen honetan, ordea, egoera herri honek behar duenetik urrun dago oraindik”, azaldu dute antolatzaileek. “Konponbideak beharko luke izan oraina eta etorkizunaren sinonimo, baina iraganera giltzapetu nahi gaituzte eta aurrera pausoak eman beharrean, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen eskubideei ere eraso egin nahi diete. Azkena, etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ere ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute”.
Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurtengo jaialdiak. “Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28an Hatortxu Rocken biziko duguna”.
Berritasun ugari
Hala, egoerak bultzatuta eta elkartasuna eta maitasuna inoiz baino beharrezkoak direla sinetsita, ahaleginean aurrera pauso bat ematea erabaki du Hatortxu Rockek. Hori dela-eta, aurreko urteetan 11 edo 12 talde igotzen baldin baziren oholtza gainera, aurten 18 izango dira Hatortxuren mezuarekin bat eginez elkartasun gaua gidatuko dutenak.
Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimyk osatuko dute aurtengo eskaintza.
Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute halaber, “Oi! The Arrase Mallorkako taldea Hatortxun izango dela 20 urte eszenatokietatik kanpo egon ostean eta baita Iheskidek hainbat urteren ostean, gure oholtzan itzultzeko hartutako erabakia ere”.
Guzti hau posible egiteko apustua handituko du Hatortxu Rockek. Aurrekoetan bi eszenatokitan banatzen baziren kontzertuak, aurtengoan gune berri bat eta hirugarren oholtza bat izango direla iragarri dute. “Dena prest egon dadin, maitasunez lan egiteko konpromisoa hartzen dugu beste behin”
Sarrerak
Gaur bertan jarriko dira sarrerak salgai. Oraingoz, internet bidez eros daitezke, eta, laster ohiko salmenta guneetan ere izango dira eskuragarri. Aurretiko salmentan prezioa 20 eurokoa izango da eta egunean bertan, oraindik ere sarrerak izanez gero, 25 eurokoa izango da salneurria.