[BIDEOA] ‘Hori zen dena’ liburua kaleratu du Goiatz Labandibar idazleak

Lotura afektiboa duten harremanak ditu hizpìde narrazio bildumak.

Hamasei dira Hori zen dena (Alberdania) liburua osatzen duten piezak, 15+ 1 zehazki esanda, “irakurleak berehala antzemango du zergatik”. Hamasei narrazio dira, eta ez ipuin, azpimarratu nahi izan du Goiatz Labandibar idazleak (Oiartzun, 1985), hamasei giro, hamasei mundu, eta bilaketa bakarra: “egunerokotasunaren ifrentzuaren eta pitzaduren berri ematea irakurleari”, hain zuzen ere. “Xalo-xalo batzuetan, maltzurki beste batzuetan, ironiaz maiz, barrez zein serio, bero nahiz epel, sekula ez hotz eta beti dirdiraz eta bizi-bizi”, idatzi ditu. Denak emakume ahotsez kontatutako istorioak dira eta guztiek lotura afektiboa duten harremanez hitz egiten dute, nahiz eta batak bestearekin ez duten zerikusirik. Labandibarrek azaldu duenez, dramarik gabe idatzitako narrazioak dira denak, “askotan esaten didate nire amaierak tristeak direla, baina egileak ez du horrekin bat egiten, “ez dudalako uste bukaera zoriontsu bakar bat dagoenik”, aitortu du.

Hiru urte eman ditu idazleak narrazio bilduma hau ontzen eta bere aurreko lanekin konparatuta aldaketa bat egon dela sumatu du, alde batetik geroz ela laburrago idazten duela dio, inolako apainketarik gabe, hortik dator deskribapen urritasuna, pertsonaien sentipenetan eta bizipenetan sakontzea nahiago du. Horretaz gain, aurreko bi liburuak baino garaikideagoa dela nabarmendu du, “gaur eta hemen gertatzen direlako istorioak”. Hala, irakurleari pertsonaiekin identifikatzea errazago gertatuko zaiola pentsatzen du.

Zabaldu: