Xabier Mendiguren, Eneko Barberena eta Eneritz Basurko

‘Afrikanerrak’ eleberria kaleratu du Eneko Barberenak

Idazleak distopia bat eraiki du liburuan; migrazioa kontrolatzeko, Europar Batasunak Afrika iparraldea inbadituko du.

Iazko Ondarroako Augustin Zubikarai nobela beka saria irabazi zuen Eneko Barberenak (Arrasate, 1983) Afrikanerrak (Elkar) eleberriarekin. Idazleak distopia bat eraiki du liburuan; migrazioa kontrolatzeko, Europar Batasunak Afrika iparraldea inbadituko du. Indiferentziari tiraka osatu du lana Barberenak: Istorioa gerra apenas nabari den Arrasateko kaleetan kokatuta dago. Hori da akaso atzeguardiaren berezitasuna, frontetik urrun bizitzak aurrera egiten duela, kontzientzia-erruduntasunaren eta eguneroko errutinaren arteko nahasketa arinean bada ere. “Hona odol zipriztinak urardoturik iristen zaizkigu. Telebistan bai, han hitz egiten digute gerraz, hitz larri eta pisutsuz. Batik bat Europar Batzordeak legez behartu zuenetik komunikabide publiko guztien albistegiek hasiera komuna izan behar zutela: europarra”.

Eleberriak, etorkizun hurbil batean, Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea hartu dutela kontatzen du, migrazio ilegala kontrolatzeko asmoz. Armadan izena emateko nahiko gazterik ez, eta zozketa bidez hornitu beharko dira Magreben gure zibilizazioaren balioak zainduko dituzten euskal konpainiak.

Handik aski urrun, lanaren eta ezkonbizitzaren errutinan katigaturik bizi dira Eider eta Aitor: herriko liburutegiko langilea da bata, Gasteizen eskola publiko bateko zuzendaria bestea, biak ere funtzionarioak eta seme txiki baten gurasoak.

Distopien tradizio luzea geure alearekin aberastuz, etorkizunaren deskribapena aseptikoaren itxurapean egungo gizarteari zuzentzen dio Barberenak “begirada zorrotza, sarritan umoretsu eta beste askotan gupidagabea, prospektiba-ariketa burutsu bezain kitzikagarrian hainbat gai eta arlo maiseatuz: kultura, komunikabideak, industria, aisia, kontsumoa, eskola, politika, migrazioa, aberria, gerra…”.

Zabaldu: