Zinebiexpress Lehiaketa egingo dute asteburu honetan Bilbon

Larunbatean, azaroaren 2an, hasiko da lehiaketa eta parte hartzaileek 48 ordutan film labur bat sortu behar izango dute.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBIk, 48 ordutan errodatutako film laburren Zinebiexpress lehiaketaren edizio berri bat antolatu du asteburu honetarako. Lehiaketa larunbatean, azaroaren 2an, irekiko da, goizeko 09:30ean Campos Antzokiko atarian, taldeen izen ematearekin, eta une horretan jakinaraziko da proiektuen gaia, edizio bakoitzean ezustekoa eta desberdina.

Talde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du eta bakoitzari pendrive bat emango zaio, egindako film laburra bertan gordetzeko eta astelehenean, azaroaren 4an, 18:30etik 19:30era, antolatzaileei emateko, Campos Antzokiko atarian bertan.

Ekimena duela hamarkada bat jarri zen martxan lehenengoz, zinegile gazteen parte hartzea sustatzeko asmoz eta baita Zinebi jaialdia arlo horretan bultzatzeko eta Bilbo edozein motatako istorioa grabatzeko agertoki gisa sustatzeko ere.

Parte hartzaileek astelehen arratsaldera arte, 18:30etik 19:30era, izango dute euren lanak aurkezteko epea, eta ostegunean, azaroaren 7an, 18:00etan, banatuko dira sariak, Golem-Alhondiga zine aretoetako 1. aretoan. Bertan, lehiaketaren finalera heldu diren filmak proiektatuko dituzte.

Aurkeztutako film laburrak epaimahai independente batek baloratuko ditu, eta hiru sari banatuko dira. Lehen saria 1.000 eurokoa izango da eta EHUKulturak emango du, bigarrena 700 eurokoa, eta hirugarrena, afari bat. Epaimahaiko kideak hauek izango dira: Aranzazu Calleja, biolin irakaslea eta zinerako musika konposatzailea; Pau Guillen, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Gidoi Idazketan Masterra, Zinegoak jaialdiaren zuzendaria; eta Larraitz Zuazo zinegile eta irakaslea, Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Dokumental Sortzailearen Teorian eta Praktikan Masterra.

Film laburren iraupena, kredituetako tituluak barne, fikzio eta dokumental kategoriatan, gutxienez bi minutukoa eta gehienez bost minutukoa izango da. Animaziozko film laburrek, gutxienez 30 segundo iraun beharko dute. Kanpoko irudi guztiak Bilbon grabatu beharko dira, eta, izena emateko egunean proposatzen diren hiru kokalekuetatik gutxienez bat barne hartu beharko du.

Zabaldu: