Erakusketak Egaña bera zuzenean lanean ikusteko aukera emango du, mural bat egiten arituko baita aretoan bertan eta erakusketara doazen bisitariekin elkarreraginean.
Xabier Egaña (Areeta, 1943) artistaren 50 urteko ibilbidea jasotzen duen Bizitza ez da nahikoa izeneko erakusketa paratu dute Gasteizeko Vital Fundazio aretoan abenduaren 1era arte.
Egilearen ustez, bizitzan gauzak egin behar dira eta ez bizitzatik igaro, besterik gabe. Premisa horri jarraituta, Vital Fundazioak bost hamarkada luzeko ibilbide hori prestatu du. Bere haurtzaroko lehenengo oroitzapenetatik, Bilboko ibai ertzean, bizitza erlijiosoarekin espiritu frantziskotarrean izan zuen konpromisotik igarota, eta baita arte plastikoen arloan izan zuen irakasle lana ere.
Antolatzaileen arabera, Egañaren lana “luzea eta anitza da teknika, material eta formatutan, intuitiboa eta esperimentala, azkarra gauzatzean, bere begirada gidatzen duen berezko sentiberatasuna duena”. Artelan asko geratu dira 65 pieza bildu dituen erakusketa honetatik kanpo, horietako asko inoiz erakutsi gabeak, baina erakusten denak “argi eta garbi ahalbidetzen du bere lanaren tamaina eta kalitatea identifikatzea eta bere ibilbide izugarria”. Zentzu horretan, lehenengo aldiz erakutsiko zaizkio publikoari Egañak bere ibilbidean egin dituen egile liburuetako batzuk. Argitalpen horiek bere lengoaia intimoenaren eta pertsonalenaren atalak dira, eta sortzaileak ideiak eta emozioak islatzen ditu bertan, bozetoak ere bai, eta bere egonezinak eta hausnarketak jaso ditu liburu horietan.
Erakusketak bestalde, Egaña bera zuzenean lanean ikusteko aukera emango du, mural bat egiten arituko baita aretoan bertan eta erakusketara doazen bisitariekin elkarreraginean.
Erakusketak Egañaren ibilbidea egiten du garai desberdinei so eginez. Lehendabizikoa (1962-1969) Bere hastapenak, prestakuntza eta estimuluei buruzkoa da, bigarrena (1970-1975) Estilo propiorantz, hirugarrena (1976-1978) Arantzazuko Andre Mariaren ganberatxoa, laugarrena (1980-1986) Materiazko esperimentazioa, bosgarrena (1987-1990) Familia eta pertsonak, seigarrena (1991-1999) Bidegabekeria eta giza oinazea, zazpigarrena (2000-2009) Iraganeko artea aitzaki eta azkena (2010-2017) Bizitzarako pinturak.
Erakusketa astelehenetik larunbatera 18:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango da. Igande eta jaiegunetan berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Erakusketari buruzko informazio guztia hemen.