Literaktum jaialdia azaroaren 11tik 24ra izango da, Donostian

Aurtengo Literaktum jaialdia literaturaren eta feminismoaren arteko loturen isla izango da.

Literaturara beste hizkuntza eta diziplina batzuekin eta eztabaidarik gaurkoenekin batera hurbiltzea du helburu azaroaren 11tik 24ra Donostian egingo den Literaktum letren jaialdiak.

Aurtengo jaialdia literaturaren eta feminismoaren arteko loturen isla izango da. Binomio hori da jaialdiaren ardatz nagusia, eta emakume idazleek osatutako multzo nabarmen bat bildu da hainbat gairi ekiteko: Elvira Sastre, María Sánchez, Espido Freire, Laura Freixas, Mariasun Landa, Christina Rosenvinge, Paula Bonet, Eider Rodríguez, Kattalin Miner, Lucía Baskaran, Luisa Etxenike, Marta Sanz eta Cristina Morales dira edizio honetan parte hartuko duten idazleetako batzuk. Nork bere ikuspegia azalduko du identitateaz, feminismoaz edo arte-sorkuntzaz.

Horretaz gain, beste gai batzuk ere jorratuko dira jaialdian programaturiko jardueretan, hala nola Europaren kultura, hizkuntza eta literatur aniztasuna, poesia bizitzaren motor, edo identitate nozioa auzitan jartzea. Bestalde, ohi den bezala, izango dira azken lanak atera berri dituzten autoreen hitzaldiak ere; besteak beste, Bernardo Atxaga, Ibon Martín eta Karmele Jaiorenak.

Edizio honetan, pisu berezia izango du euskarazko literaturaren modernotasunean gako izandako liburu baten argitalpenaren 50. urteurrenak: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Literaktum 2019k ere bere alea jarri nahi du modernotasunaren sorburuko idazlan horri omenaldi eginez, nola eta erakusketa baten, literatura-ibilbide baten eta mahai inguru baten bidez. Baina Saizarbitoria ez da izango Literaktum 19n omenduko den euskal idazle bakarra: Joxean Artze oroituz ikuskizunak Usurbilgo sortzaile 2018an zenduaren poesia- eta musika-ibilbidea berrikusiko du.

Beste proposamen diziplinarteko batzuk ere izango dira jaialdian, literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuz: Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren Abre la puerta, edota Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen bestaldean.

Erakusketei dagokienez, Lur editorialari buruzkoaz gainera –Egunero hasten delakoren argitaletxea–, beste bi izango dira Aiete Kultur Etxean, bat Jane Austen idazlearen bizitzan eta obran oinarritua, eta bestea Rebécca Dautremer ilustratzailearen ilustrazioetan.

Filmak, mikroeztabaidak, Dickens-en Eguberrietako ipuinak direlakoetan inspiraturiko literatura-afari bat, EHUko Pentsatu! Jaialdiarekin, Etxepare Institutuarekin edo Feministaldia 2019rekin elkarlanean egindako jarduerak, eta Literaktum Txikia, haurrentzako jarduera-programa, haziz doana edizioz edizio: horiek ere osatzen dute sareko jaialdi hau, zeinaren programa hiri osoan barrena zabalduko baita literaturaren festa handia ospatzeko.

Bestalde, liburuen eta literaturaren alderako zaletasuna sustatzeko, aurten Book Friday delakoaren lehen edizioa izango da azaroaren 22an.

Egitaraua hemen.

Zabaldu: