Ipes-eko beka baliatuz, Oiane Valero historialariak garatu duen ikerketa lana da Euskal Langile Andreak.
Emakumeek lan merkatuan izan duten bilakaera aztertzen du Oiane Valero (Bilbo, 1981) historialariak Euskal Langile Andreak (Ipes) liburuan. Euskal Herrian dagoen hutsune bat betetzera dator ikerketa lan hau, “historia ofizialak emakumeak isilarazi eta baztertu egin izan ditu eta horregatik, emakumeen parte hartze aktiboa azpimarratu eta ikertu beharra zegoela ikusi genuen”, azaldu du Valerok Hala Bedi irratian egin dioten elkarrizketan. Euskal andre langileak kapitalismoaren sortze eta garatze prozesuan kokatzea izan du helburu Bilboko historialariak eta, batez ere, izenburuan ageri diren hiru zapalkuntzak azaleratzea: Euskaldunak, langileak eta emakumeak. “Euskaldunak eta langileak garen heinean zapalduak garela eta andre izateagatik genero zapalkuntza sufritzen dugula erakustea izan da gure helburua”.
Kapitalismoa errotu aurreko garaia da liburuaren abiapuntua, “prozesu guztiak bilakaera gisa ulertu behar ditugu”, uste du Valerok. Kapitalismoaren sortze prozesu horretan atzera egin nahi izan dugu, batez ere 17 eta 18. mendeetan emango direlako aldaketa nagusiak, baina 19. mendean zehar errotuko da kapitalismoa gure herrian eta 20. mendean garatu”.
Sistema feudalaren inguruko deskribapen labur bat egin du Valerok, kapitalismoak gerora, zer nolako aldaketa ekarriko zituen ikusteko. “Antzinako erregimeneko euskal jendartea, euskalduna zen, euskaraz mintzatzen zen, ekonomia geldo bati erantzuten zion, baserrikoa, eta autogestioan oinarritutako jendarte bat irudikatzen zuen. Kapitalismoak egitura guzti horiek desegituratu eta merkatua eta soldatapeko lana ezarri zituen, andre langileak soldatapeko lan horretatik kanpo mantenduz”.
Kapitalismoak lana, lan merkatua eta lan harremanak sexuaren araberako berrantolatu zituen. Testuinguru hartan, langile andreei langile izaera kendu zien. Aldi berean, langile andreak jende menderatua izatera zigortu zituen, hizkuntza egoera diglosikoan murgildu eta euskal nortasuna ukatu. Gaur egunera arte.
Zapalkuntza hirukoitza gainditzeko bidean, erresistentzia borrokak, ekarpen aberatsak eta urrats esanguratsuak egin zituzten euskal langile andreek. XX. mendearen bukaeran teoria-praktika bereizia sortu zuten: euskal feminismoa, hau da, euskal langile andreen askatasuna lortzeko antolakuntza soziopolitikoa.
Euskal Langile Andreak liburua hasiera besterik ez dela aitortu du Valerok eta egiteko dauden lan guzti horien abiapuntua dela dio. Lanak eztabaidarako bitarteko bat izan nahi du, hitzaldi, forum, ikastaro eta abarretan.
.