Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña, Manifestu bat eta Bakean dagoenari bakean utzi antzezlanak jasotzen ditu aurtengo egitarauak.
Berako Euskara Batzordeak Berako Kultur Batzordea eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin antolatzen du urtero Berako Kafe-Antzerki Zikloa. Euskarazko antzerkia ostatuetara eta, oro har, jendea biltzen den tokietara eramatea du helburu egitasmoak.
Aurten azaroaren 10ean, igandea, emango diote hasiera zikloari, Tartean Teatroaren Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña antzezlanarekin, Katatu ostatuan. Ordu erdiko bi emanaldi izango dira, 18:00etan eta 19:00etan eta taberna baterako bakarrizketa da. Tabernariak (Mikel Martinez aktorea) bere ohiko bezeroak deitu ditu, kaña bat ondo botatzen erakusketako asmoz. Aitzakia bat da bere kezkak, arrangurak, ilusioak eta desio frustratuak azalarazteko. Formari dagokionez, egitura berezia proposatzen du, istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Hau ez da kapritxo estetiko bat, narrazioaren muinarekin lotuta baitago: denbora eta ekonomia eredu berrien gatazka.
Hilaren 17an, igandea, berriz, Beheko Larraineren Manifestu bat antzezlana ikusteko aukera egongo da Bidaxka ostatuan, arratsaldeko 18:00etan. Miren Tirapu aktorearen eskutik, beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du obra honetan. Bere barne-ahotsek behingoagatik, begirada guztien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz.
Kafe antzokien ziklo honi amaiera emateko, Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena igoko dira Goxune kafetegiko oholtzara azaroaren 24an, igandea, 18:00etan, Bakean dagoenari bakean utzi ikuskizunarekin. Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. “Euskalduntze” kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea. Bakean dagoenari bakean utzi ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketak osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko umoreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak…