Artze anaiek 1966etik aurrera grabaturiko txalaparta saioen argitalpen antologikoa kaleratu du Elkarrek

Txalaparta. Artze anaiak izenpean kaleratu du lana argitaletxeak. Bertan, Juan Luis Zabala kazetariak idatzitako aurkezpen kronologikoa eta, 1966tik 1975era bitartean grabatutako saio interesgarriak entzun daitezke. Usurbilgo anaien lan osoaren lagin bat dela diote.

Joxan eta Jexux Artzek 1966etik aurrera grabaturiko txalaparta saioen argitalpen antologikoa kaleratu du Elkarrek. Usurbilgo anaiek utzitako ondarearen zabalkundean lagungarri izateko asmoarekin plazaratu du lana argitaletxeak. Artze anaiek euskal kulturaren alde egindako lanagatik aitorpena eta eskertza adierazi nahi izan diote argitalpen berri honekin.

Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak hartu du lana koordinatzeko ardura. Bertan, 1966tik 1975era bitartean, anaiek grabatutako saio interesgarriak entzun daitezke, “Artze anaien lan osoaren lagin bat”.  Hala, Valdesek zazpi  bat bateko kanta luze aukeratu ditu Txalaparta. Artze anaiak izeneko disko fisikoa osatzeko. Horretaz gain, han-hemen grabatutako beste 60 saio gehiago ere zabaldu dituzte sare digitaleko ohiko plataformetan: Herri Gogoa diskoetxean 1968ean grabatutako lana, Baga-biga-higa sentikarikoak, Ikimilikiliklik bidekarikoak, Milango diskoaren grabaketa saioak eta beste hainbat.

Juan Luis Zabala kazetariak bere aldetik, aurkezpen kronologikoa idatzi du diskoak dakarren liburuxkarako. Bertan, Usurbilgo anaiek txalapartarekin izan zuten harremana deskribatzen du, garaitan sailkatuta.

Zabaldu: