‘Denon artean euskara eraikitzen’ lelopean dator aurtengo Bilboko Berbagunea

Berbagunearen VIII. edizioa azaroaren 21ean, osteguna, egingo da Bilboko Alondegian, hiritarren eguneroko bizimoduan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizatzeko asmoz.

Euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkartzen ditu ekimen honek. Hala, ekimenak aukera ematen die euren euskara maila aberasteko, hitz egiteko moduak partekatuz era guztietako pertsonekin, inor baztertu gabe. Euskaraz mintzatzea da asmoa eta, horregatik, euskaldunberriek eta euskaldunzaharrek, biek ala biek, izango dute lekua; “garrantzitsuena euskararen erabilera normalizatzea eta euskara ikusgarriagoa egitea da, kalean eta gizartearen eremu guztietan euskara gehiago egitea”.

Antolatzaileen esanetan, “Berbagunea ekimen ezaguna da, herritarren artean onarpen handia duena”. Euskara urteko 365 egunetan kalera ateratzea du xede ekimenak, euskara maila kontuan hartu gabe. Horregatik, eskatzen den gauza bakarra da “euskaraz berba egitea, euskara euskaraz partekatzea”.

Horretarako, egun oso batean, adin eta egoera guztietako pertsonak mahai baten inguruan eseriko dira giro lasaian eta euskaraz hainbat gairi buruz berba egiteko: kulturaz, kirolaz, aisialdiaz, sare sozialez… eta bide batez euskararen erabilera bultzatuz Bilbon.

Jarduera egun osoan izango da Alondigako atrioan, lau txandatan. Lehenengo txanda 09:30etik 11:00etara bitartean izango da, bigarrena 11:00etatik 12:30era, hirugarrena 12:30etik 14:00etara eta laugarrena 18:00etatik 19:30era.

Lehenengo hiru txandatan batxilergoko eta DBHko laugarren mailako ikasleak arituko dira, batik bat. Ordutegi horretan Bilboko Euskaltegietan euskara ikasten dabiltzanak ere egongo dira. Arratsaldeko txanda, berriz, ekimenean parte hartu nahi duten herritarrentzat gordeta egongo da.

Txanda bakoitzean sei pertsonez osatutako hainbat talde egingo dira, aurretik jarritako gai bati buruz hitz egiteko. Hogei minuturen ostean, mahaitik altxatu eta beste mahai batera joango dira parte-hartzaileak, beste gai bati buruz hitz egiteko.

Mahai bakoitzean pertsona bat egongo da gaia proposatu eta elkarrizketa gidatzeko. Modu atseginean, patxadatsuan eta euskaraz izango da.

Aurten, Asier Hormaza aktorea izango aurkezlea eta dinamizatzailea. Gontzal Mendibil ere arituko da Berbaguneko zortzigarren edizio honetan; hain zuzen ere, abesti herrikoiak kantatuko ditu parte-hartzaileekin batera.

Gainera, nobedade gisa, Agur Etxebeste filma ikusteko aukera egongo da.

Berbagunean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik: 944162472 telefonora deituta edota berbagunea@gmail.com helbidera idatzita.

Zabaldu: