Josu Okiñenak eta Jon Makusok Tomas Garbizu konpositorearen maisulan argitaragabea berreskuratu dute

Lezoar artista ospetsuaren jatorrizko eskuizkribua eta lehen aldiz argitaratutako partitura Musikenen aurkeztu dituzte, hil zeneko 30. urteurreneko egunean.

Tomas Garbizu (Lezo, 1901 – Donostia, 1989) konpositorearen Biolin eta orkestrarako kontzertu magikoa izeneko maisulanaren aurkikuntza mugarri berri bat da euskal kulturaren munduan; izan ere, historiako biolin eta orkestrarako lehen euskal kontzertua da, hain zuzen, XX. mendeko bigarren erdialdeko bakarra Estatu espainiarrean eta XX. eta XXI. mendeko biolin eta orkestrarako lehen bost kontzertuetako bat.

Hiru urte baino gehiagoko ikerketa gogorraren eta aztertutako 300 orrialde baino gehiagoren ondoren, Jon Makuso eta Josu Okiñena musikari eta ikertzaileek euskal kulturaren aitzindari izan den harribitxi honen inguruan elkarlanean aritu dira. Eduardo Hernandez Sasiain biolin-jotzaileak 1960ko maiatzaren 22an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian estreinatu zuen, zehazki, lana.

Garbizuren heriotzaren 30. urteurrena dela eta, gaur, azaroak 27, honako hauek aurkeztu dira Musikenen: jatorrizko eskuizkribua, euskal musikan espezializatutako OE Oficina Ediciones argitaletxeak argitaratutako partitura, eta, laster bere jaioterrian, Lezon, egingo den kontzertu eta hitzaldirako data, Okiñenak eta Makusok erreskatatutako maisulan aitzindari horren inguruan. “2016an, zehazki, Musikeneko ikasle nintzela, konturatu nintzen Garbizu gure euskal konpositore handienetako bat zela, nire jatorriko herrikoa, gainera, eta, ez zitzaiola bere lana aitortu ere konturatu nintzen, behintzat bere kalitateari erreparatuta, zegokion lekuan ez zegoela. Beraz, haren figura goraipatu nahi nuen”, dio Lezoko ikerlariak.

Horrela hasi zen Makuso maisu lezoarraren ibilbide musikala aztertzen, eta, besteak beste, Patxi Intxaurrandietarekin harremanetan jarri zen, konpositorearen biografiaren egilearekin, hain zuzen. “Ni, biolinista izanik, Garbizuk biolin eta orkestrarako kontzertu baliotsua konposatua zuela erreparatu nuen, eta, Intxaurrandietak zein Serafina Iribarrek, musikariaren oinordekoak, jatorrizko partiturak Eresbilen zeudela adierazi zidaten. Hara joan nintzenean, ordea, nire harridurarako zirriborro orokor bat besterik ez zegoela erantzun zidaten; obraren behin-behineko lehen eskuizkribua, gainera, osatu gabe zegoen”, dio Makusok.

Era berean, 2017ko udan Intxaurrandieta eta Iribar Garbizuren material guztiaren inbentarioa egiten ari ziren, paper zaharren artean biolin eta orkestrarako ‘kontzertu apetatsua’ delakoa agertu zenean. “Kontzertu magikoaren pianorako murrizketa bat zen, eta behin betikoa. Hura eskaini zidaten, eta, nik baietz, noski. Hala, bi dokumentuekin eta Josu Okiñenaren zuzendaritza ikertzailearekin, Musikenen master amaierako nire lana egin nuen: ‘Kontzertu Magikoa’ -ren edizio kritiko bat”.

 “Poz handia izan da aurkitu ahal izatea, hain sakon lan egitea ia ametsetan ikusi arte”, txantxetan da Makuso, eta, honakoa gehitu du Okiñenak: “Alde batetik, hiru urte eman ditugu Garbizuren idazkera deszifratzen, oso gogorra delako, eta, bestetik, ez dugu ikertu soilik dokumentuen analisiaren bidez, baizik eta baita instrumentu bidezko esperimentazioarekin ere, kopia bakoitzaren soinuak eta harmoniak biolinarekin eta pianoarekin egiaztatuz, eta, ondoren, orkestraren erredukzioarena…”.

Omenezko kontzertua eta hitzaldia

Aurkikuntzarekin bere irudia nabarmendu nahi da errezitaldi eta hitzaldi batez osatutako ekitaldi baten bidez. “Garbizuri eskainitako omenaldia izango da, errezitaldi bikoitza egingo baitugu, hau da, kontzertu eta ponentzia batez osatutakoa”, aurreratu dute. Azken hori, gainera, Makusok berak emango du, ‘Kontzertu magikoaren’ aurkikuntza eta azterketa prozesuaren berri emateko.

Lezoko Udalak bere poza eta esker ona adierazi nahi izan ditu: “Udalak hasieratik eskaini zion babesa gaur hemen aurkeztutako proiektuari, sinetsita Lezon kalitate handiko artistak ditugula eta emaitzek horrela erakutsi digute gainera, bai Garbizuren lanagatik baita Jon Makusok egindakoarengatik ere, zeinak talentu eta pertseberantzia handia erakutsi duen ikerketa aurrera eramateko garaian”.

Zabaldu: